Loiolako-eta elkarrizketen antzezlanaren estreinaldia, Azpeitian

Azaroaren 6an udaletxeko ganbaran izango da 'Su txikian' lanaren emanaldia eta hil bereko 9an Soreasu antzokian, biak ere euskaraz. Azkeneko hamarkadan gatazkaren konponbiderako saioek ibilitako bidea taularatuko du Glu Glu konpainiak. Olatz Dañobeitia ezker abertzaleko kidearen papera Libe Aranburu azpeitiarrak egingo du. Entsegu bateko argazkiak.

Loiolako-eta elkarrizketa politikoei buruzko antzezlana estreinatuko du aurten Glu Glu konpainiak, euskaraz eta gazteleraz, eta aurreneko emanaldiak Azpeitian izango dira, euskaraz: azaroaren 6an udaletxeko ganbaran, eta hil bereko 9an Soreasu antzokian. Gaztelaniazkoa, berriz, Elgoibarren izango da, azaroaren 16an. Hain zuzen ere, Elgoibarren ari dira entseatzen, eta Berria-k erreportajea egin du.

Su txikian du izena antzezlanak. Galder Perezek idatzi du eta berak zuzenduko du. Azkeneko hamarraldian euskal gatazkaren konponbiderako saioek ibilitako bidea taularatuko dute. Elgoibarko Txillarre baserrian Arnaldo Otegik eta Jesus Egigurenek Pello Rubioren konpainian izandako solasaldietatik Loiolako hiru aldeko elkarrizketetaraino, Osloko eta Genevako hoteletan ETAko solaskideek Espainiako Gobernuko ordezkariekin izandako hartu-emanetan barrena ibiliz.

Hona hemen Berria-ko erreportajean Loiolako elkarrizketez dagoen pasartea:

  • Iritsi zen azkenean 2006ko irailaren 20a, sugarrek Loiolako bilerak piztea ahalbide zutenekoa. Antzezlanean ikusten da nola biltzen diren. Nola elkar agurtzen duten denek: Rodolfo Aresek, Egigurenek (PSE), Josu Jon Imazek, Iñigo Urkulluk (EAJ), eta ezker abertzaleko Arnaldo Otegik eta Olatz Dañobeitiak. Otegik berak argitu nahi izan du garrantzitsua dela zenbait gauza zehaztea: ordutegiak, etenaldiak, bazkaltzera norekin joan... "Bai, eta komunera joateko txanda ere nola eskatu erabaki beharko dugu!", egin dio arrapostu, Aresek. Otegi bera eta Egiguren mintzo dira batez ere; baita Imaz ere. Urkulluk bien bitartean, dena apuntatzen du ordenagailu eramangarrian. Nafarroaz ari da Otegi, Zuberoaz, Lapurdiz, eta berriro Aresen bat-bateko erantzuna, ironiaz: "Bai, baita Benidorm ere, no te jode!". Altxatu egin da Ares, eta alderdikide bati deitu dio: "Badakizu, hauek betikoarekin dabiltza".

Aktoreen artean, Libe Aranburu

Loiolako mahaian, besteak beste, Olatz Dañobeitia ezker abertzaleko kidea izan zen, eta Su txikian antzezlanean haren papera azpeitiar aktore batek egingo du: Libe Aranburuk. "Uste dut trantze horretan ez zutela oso ondo pasatuko. Gainera, hori entzun dut... Nik ez dut ondo pasatzen hemen, hortaz... Olatz bigarren plano batean bezala dago, Arnaldori laguntzen. Hori izan zen bere egitekoa", esan du Berria-n Aranburuk.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide