Herri lasterketa izango da zapatuan, Euskararen Kontseiluak antolatuta

Uztarria.eus 2012ko ira. 19a, 14:22

Hainbat herritan izango dira herri lasterketak zapatuan, Euskararen Kontseiluaren Euskaraz bizi nahi dut kanpainaren baitan. Azpeitikoa 17:00etan izango da eta Alde Zaharra zeharkatuko du. Nahi duen orok hartu ahal izango du parte eta zapatuan bertan eman ahal izango da, 15:00etatik aurrera, plazan.

Euskararen Kontseiluak Euskaraz bizi nahi dut kanpainaren baitan, herri lasterketak antolatu ditu hainbat herritan zapaturako, hilaren 22rako. Azpeitian zapatu arratsaldean izango da 17:00etan hasita, eta Alde Zaharreko kaleak zeharkatuko ditu eta plazan bukatuko da.

Parte hartu nahi duten herritarrek egunean bertan eman ahal izango dute izena, 15:00etatik 17:00etara bitartean, plazan. Nahi duen orok izango du parte hartzeko aukera eta, hala nahi izanez gero, ekimenari diruz laguntzekoa: haurrek bi euro ordaindu beharko dute eta kamiseta nahi izanez gero, zazpi euro; aldiz, helduek bost euro ordaindu beharko dute, eta kamisetarekin hamar euro. Diruz laguntzen dutenei zenbakiak ere banatuko dizkiete, lasterketa eta gero egingo diren zozketetan parte hartu ahal izateko.

Kamisetak salgai

Lasterketa zapatu arratsaldean izango da, baina aurretik, ostiralean eta zapatu goizean, kamisetak saltzeko postuak jarriko dituzte herrian. Ostiralean 18:30ean plazan salduko dituzte kamisetak, eta zapatu goizean, 12:30etik 13:30era bitartean, Sanjuandegin. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide