Sei laburrek osatutako film laburra da Work in Progress. Mondragon Unibertsitateko Ikus-Entzunezko Komunikazioko (Huhezi) ikasleek egin dute filma, eta tartean dira bi azpeitiar: Monika Juaristi eta Julene Frantzesena. Maitasuna gai hartuta egin dituzte labur guztiak, eta hori dute amankomunean sei laburrek.
Joan den martxoan aritu ziren taldeka filmak grabatzen, eta edizioan murgilduta ibili ziren udako oporren aurretik. Jada iritsi zaie filma aurkezteko garaia, eta Aitzol Aramaio zinemagile ondarrutarra zenaren omenez antolatutako Marabilli Sormen Festibalean aurkeztuko dute, urriaren 14an, Ondarruko Kafe Antzokian, 12:00etan hasita.
Hainbat aktorek hartu dute parte filmean: Peter Ansorena, Joxe Ramon Soroiz, Loli Astoreka, Iker Galartza, Sara Cozar, Asier Hormaza, Loreto Mauleon eta Martxelo Rubio, besteak beste. Azken bi horiek parte hartzen duten filmaren zatia Azpeitian grabatu zuten.
Beste labur bat saritua
Work in Progress-erako laburra egin duten ikasle azpeitiarrek beste film bat ere egin zuten ikasturtean. Ohartxoak. Lan horrek Huhezinema Film Laburren Jaialdian ikusleen saria jaso zuen. Loli Astoreka eta Itziar Ituño dira filmeko protagonistak. Egileak, berriz, Izaskun Fernandez de Arroyabe, Josu Badiola, Lander Irazola, Monika Juaristi, Maitane Serrano eta Julene Frantzesena.