Tasa eta zergak ordaintzen ez dituztenekin neurriak hartuko ditu Udalak

Uztarria.eus 2012ko ira. 24a, 13:17

Manuel Unanue Ogasuneko batzordeburuak jakinarazi duenez, azpeitiarren %98ak ordaintzen ditu zergak, baina herritarren %2ak ez. Unanueren aburuz, "bizi ditugun garaietan horiek ere ordaindu egin behar dutela uste dugu".

Tasak eta zergak ordaintzen ez dituzten herritarrekin neurriak hartuko dituztela adierazi du Manuel Unanue Ogasuneko batzordeburuak. Izan ere, "argi utzi nahi dugu azpeitiarren %98ak zergak ordaintzen dituela, baina herritarren %2ak ez ditu ordaintzen", jakinarazi du Unanuek. Ogasun batzordeburuaren aburuz, "bizi ditugun garaietan horiek ere ordaindu egin behar dutela uste dugu, eta horiei jarraipen gogorra eta zehatza egitea erabaki dugu, eta Udalak dituen baliabide eta tresna guztiak erabiliko ditu".

Unanuek esan duenez, "betebehar fiskalak herritar guztiek heuren gain hartzea da azken helburua, eta kobratu ahal izateko beharrezko enbargoak edo bahiturak edota Aldundiarekin hitzarmenak egingo ditugu". Hala ere, esan dutenez, jakitun dira "kasu desberdinak egon daitezkeela eta ordainketa egiteko arazoak dituztenek Gizarte Zerbitzuen laguntza jasotzeko edota epeka ordaintzeko aukera izango dute".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide