Aimar Irigoien Gipuzkoako Harri Txikien txapeldun, seigarrenez

Uztarria.eus 2012ko urr. 8a, 12:30

Zapatuan Labaienen (Nafarroa) jokatu zuten norgehiagoka, eta errezildar harri-jasotzailea nagusitu zen. Altxatu beharrezko harri guztiekin altxaldi gehien berak egin zituen.

Aimar Irigoien errezildar harri-jasotzaileak Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa irabazi du, seigarren urtez jarraian. Labaienen (Nafarroa) jokatu zuten txapelketa zapatuan, eta erraz nagusitu zen Irigoien.

Lau harri bizkarreratu behar izan zituzten lehiakideek: 125 kiloko angeluzuzena, 125 kiloko zilindroa, 112.5 kiloko kubikoa, eta 100 kiloko bola. Harri bakoitzarekin 3 minutuko saioa egin zuten parte hartzaileek. Harri guztiekin izan zen nagusi Irigoien. Izan ere, angeluzuzena 30 aldiz, zilindroa 30 aldiz, kubikoa 21 aldiz eta bola 26 aldiz altxatzea lortu zuen. Bere marka hobetzea ere lortu zuen: iaz, 9.050 kilo bizkarreratzea lortu zuen, eta zapatuan 12.462,5 altxatu zituen.

Erreziladar harri-jasotzaileak, guztira, 107 altxaldi egin zituen. Bigarrena, Jose Mari Iruretagoiena Izeta III. izan zen, eta 96 altxaldi egin ahal izan zituen. Hirugarren sailkatua Hodei Iruretagoiena Izeta IV. izan zen, 91 altxaldi eginda.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide