Loiola Berrikuntza Fundazioak gauzatuko du Enplegua Sustatzeko Plana

Uztarria.eus 2012ko urr. 8a, 15:54

Urola Erdiko udalerrietako ordezkariak joan den astean egindako bileran. (Azpeitiko Udala)

Loiola Berrikuntza Fundazioak gauzatuko du Enplegua Sustatzeko Plana, Urola Erdiko udalerriek hala erabaki ostean. Irailaren 13an eman zuten Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Beizama, Zestoa eta Aizarnazabaleko Udalek planaren berri, eta haien iritziz, Loiola Berrikuntza Fundazioak "eskualdeko ekonomiaren eta arazoen gaineko ezagutza sakona du eta azken urteetan berrikuntza eta ekonomia sare estrategikoa indartzearen aldeko lana egin du". 

Plana abian jarri duten udalen ustez, "fundazioa plana egoki egiteko berme ezin hobea da". Horrenbestez, Loiola Berrikuntza Fundazioaren egitekoa izango da eskualdeko merkatuaren eta egoera sozio-ekonomikoaren diagnosia egitea, enplegua sortzeko bidean helburuak definitu eta estrategiak marraztea eta ekintza-planean garatu beharreko proiektu zehatzak egitea. 

Ekonomia sustatu eta enplegua sortzea helburu duen planaren harira joan den astean egin zuten alkateek bilera, eta bilera horretan erabaki zuten Parte-hartze Foroa deitzea. Aurrerantzean, planaren inguruko ekarpen eta iritziak jasotzeko, eskualdeko hainbat eragile, enpresa eta administraziok hartuko dute parte foro horretan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide