Goenkale telesailak hemezortzi urte daramatza ETB1en eta, omenaldi gisa, antzerkira eramango dute Pausoka eta Glu Glu ekoiztetxeek, Jokin Oregiren zuzendaritzapean. Urriaren 19an izango da estreinaldia, Elgoibarren; bigarren saioa Azpeitian egingo dute, azaroaren 3an (zapatua), Soreasu antzokian.
"Jendea Goenkale ikustera badator, ez du Goenkale ikusiko. Goenkale-ren tonua pixka bat antzerkiratuta ikusiko du, Goenkale-n lantzen diren istorioak ikusiko ditu, maitasun istorioak, intriga... Eta gero, jakina, aktoreak, telebistan egunero ikusi dituzten pertsonaia horiek zuzenean antzezten ikusiko dituzte", esan du Oregi zuzendariak Berria-n.
Yannick Bergara, Carlos Nguema, Felix Arkarazo, Maria Cruickshank, Xabier Perurena eta Ylennia Baglietto izango dira antzezlaneko protagonistak.
Azaroaren 6an (asteartea) beste antzerkilan bat estreinatuko dute Azpeitian: Su txikian, Loiolako elkarrizketa politikoei buruzkoa. Udaletxeko ganbaran izango da emanaldia, eta hil bereko 9an, Soreasu antzokian.