Hainbat ikastaro antolatu ditu Hezkuntza Sailak

Uztarria.eus 2012ko urr. 10a, 12:22

Eskulan saioak Damaso Azkue auzoan Udalak duen lokalean emango dituzte. Gainontzekoak, berriz, Sindikatu Zaharrean izango dira.

Azpeitiko Udaleko Hezkuntza Sailak babestuta askotariko ikastaroak jarri dira martxan, eta haietan izena emateko aukera zabalik dago dagoeneko. Ikastaro guztiak Damaso Azkue auzoan Azpeitiko Udalak duen lokalean edota Sindikatu Zaharrean emango dituzte.

Damaso Azkue auzoko lokalean (Oilo Soro elkartearen ondoan) eskulanetako ikastaroetako saioak izango dira: marrazki eta pinturakoak, jostekoak eta jantzigintzakoak, puntukoak eta gauzak zaharberritzeko eskulanetakoak.

Sindikatu Zaharrean, berriz, askotariko ikastaroak daude antolatuta. Esaterako, Edurne Salegik haur txikiak dituzten amei zuzendutako ikastaroa emango du eta Alex Silvak, aldiz, komunikazio tailerra. Amaia Garmendiak, aurreko ikasturteetan bezalaxe, gitarrako klaseak emango ditu eta Presen Galarragak Chi Kungekoak. Sindikatu Zaharrean hizkuntza ikastaroak ere antolatu dituzte ikasturte berrirako: zeinu hizkuntza irakatsiko du Arantxa Martinek asteazken arratsaldeetan eta arabiera Meryem Harribouk, zapatu eta igande eguerdietan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide