Azpeitiko Kultur Mahaiak Soziedadeen arteko II. mus txapelketa antolatu du, soziedadeekin elkarlanean, bi helbururekin: soziedadeen arteko hartu-emana gehiago sustatzea eta Kultur Mahaia diruz laguntzea, ondo pasatuz.
Lehengo urteko esperientziaren ondoren eta soziedadeekin otsailean egindako balorazio bileran erabakitakoarekin antolatu da bigarren aldiz. 32 soziedade/elkarte daude deituta parte-hartzera (Kultur Mahaiko bazkideen elkartea barne). Iaz, horietatik 28k hartu zuten parte, guztira 143 bikotek.
Lehen fase bat egongo da soziedade bakoitzak bere kasa jokatuko duena, bertako bazkideen artean. Txapelketa horretan finalera iristen diren bi bikoteek, bigarren faserako aukera irabaziko dute. Hau da, soziedade guztien arteko finalerakoa. Eta soziedade bakoitzeko irabazleak, berriz, arkumea, gazta eta ardo botila.
Final handian, beraz, soziedade bakoitzetik bi bikote izango dira. Abenduaren 1ean jokatuko da finala, Sanagustin kulturgunean (15:30ean).
Sariak
Finalean lehen lau sailkatuentzako sariak egongo dira:
Aurrenarentzat: 1.000€+txapelak.
Bigarrenarentzat: 500€.
Hirugarrenarentzat: Otarrak.
Laugarrenarentzat: Sanagustinen afaria.
Iazko sailkapena
1. Ilunpe soziedadea (Markos Vilanueva-Aitor Priya)
2. Nahi Genduena (Joxe Inazio Etxezarreta-Xabier Olaizola)
3. Iturri (Joxe Ramon Loinaz-Mariano Salegi)
4. Izarraitzpe (Luis Mari Argandoña-Joxe Mari Zubizarreta)