Alex Silva: "Esan nahi duguna ondo nola komunikatu irakastea da helburua"

Uztarria.eus 2012ko urriaren 12a

Alex Silvak eskainiko du komunikazio tailerra.

Alex Silvak Udaleko Hezkuntza Sailak babestutako ikastaroetako bat eskainiko du: komunikazio tailerra. Dagoeneko eman daiteke izena, eta azaro hasiera aldean hastea aurreikusten du azpeitiarrak. Silvak jakinarazi duenez, "idazteko edo komunikatzeko grina duen jendeari zuzenduta dago tailerra".

Azpeitiko Udaleko Hezkuntza Sailak babestutako ikastaroen baitan, Alex Silvak (Azpeitia, 1989) komunikazio tailerra eskainiko du, "idazteko edo komunikatzeko grina duen jendeari zuzenduta".  Uztarria.com-ek Silvarekin hitz egin du ikastaroaz.

Nola sortu zitzaizun komunikazio tailerra antolatzeko ideia?

Udalak ikastaroak antolatzeko eskaintza egin zuen, eta noizbait denoi gertatu zaigunez zerbait komunikatu edo esan nahi izan eta nola esan ez jakitea, ikastaro proposamena egin nuen. Ikusten dut badagoela komunikatu nahi izaten duen jendea, eta nola egin ez dakielako kazetariengana edo norbaitengana joaten dena laguntza eske. Hortik abiatuta osatu dut tailerra, eta lau ideia nagusi, garrantzitsu, nola nabarmendu edo prentsa oharrak nola egin landuko dugu, adibidez. Finean, esan nahi duguna ondo nola komunikatu irakastea da helburua. Nik uste oinarrizko ezagutza batzuekin komunikazioa hobetu daitekeela.

Egunerokotasunean beharragatik edo afizioagatik idazten duen jendeari, eta profesionalak ez direnei, ikastaroa eskaintzea erabaki nuen gauzak nola hobetu erakusteko. Tailerra da, eta nire ideia elkarrekintzan oinarrituko da. Nik dakidana erakutsiko diet, teorian eta praktikan, baina beraien zalantzetatik ikastea, beraiek ekarritako materiala partekatzea, espiritu kritikoa piztea eta iritzia eraikitzea ere lortu nahi dut.

Hutsunea ikusten zenuelako egin zenuen tailerraren proposamena, beraz.

Bai, hutsunea badagoela uste dut. Jendeari gustatzen zaio Interneten-eta idaztea. Gainera, komunikazioa demokratizatu egin da Internetarekin. Hor daude Twitter, blogak, komunitateak, Facebook... edonor da gai komunikatzeko, eta badaude zenbait teknika, teoria eta metodo idazkuntza hori praktikoago egiteko. Hutsunea hobetzea badago, eta hobetu daiteke. Egun, edonork egiten ditu kronikak, ipuinak edo memoriak, esaterako, denbora librean, eta horiek nola bideratua eta hobetua badago.

Sare sozialak-eta aipatu dituzu. Horiek ere landuko al dituzue?

Printzipioz, komunikazioaren oinarri-oinarrizko gaietatik hasiko gara eta, batez ere, idatzizkoan oinarrituko gara. Komunikazioa mundu bat da, eta hor daude ahozkoa ez den komunikazioa edo zeinu, irudi ala argazki bidezkoa. Denen inguruan hitz egin daiteke, eta jendearen eta taldearen interesen eta jendeak eskatzen duenaren arabera moldatu daiteke tailerra. Ikastaroa irekita dago, baina nik uste oinarrizko gaiak idatzitik abiatzen direla historikoki, eta edukiak nola moldatu ezagutu ahal izango da tailerrean. Izan ere, ez da berdina testu bat egunkari baterako idaztea edo blog baterako. Etorkizuna, beharbada, Interneten egongo da eta baita etorkizuneko erronkak ere. Horretaz eztabaidatzeko gune ere izango da tailerra.

Ni ez naiz aditua etorkizuneko erronketan eta, gainera, uste dut inor ez dela aditua, ez dakigu-eta zer etorriko den. Asko dago ikusteko.

Tailerra nori dago zuzenduta?

Batik bat, idazteko edo komunikatzeko grina duen jendeari eta gehiago jakiteko gogoa edo interesa dutenei dago zuzenduta. Ez da komunikazio munduko profesionalentzat, ez dago horientzat bideratuta. Oinarritik hasiko gara, eta edozein herritarri dago zuzenduta. Batzuk, igoal, badituzte nozio batzuk eta besteek gutxiago, baina denek dute lekua tailerrean.

Ordutegiak eta iraupena ere irekiak dira, eta zortzi lagun elkartzen bagara, erabakitzen dugunaren arabera moldatuko gara. Ez da zurruna, ez da "hemen hasi eta hemen bukatzen da". Hori bai, prestatu dut bide bat, baina zabalik dago parte-hartzaileen nahietara moldatzeko.

Aipatu berri duzun bide horretan zer sartu duzu.

Oinarrizkoa da, adibidez, zer den albistegaia eta zer ez den bereiztea. Albistegai ez dena, albistegai bilakatu daitekeela ezagutzea, ez da-eta berdina maila lokaleko, nazionaleko edo internazionaleko informazioa. Komunikabideetan erabiltzen diren irizpide batzuk ezagutzea ere oinarrizkoa da, eta irizpide horiek aldakorrak direla erakustea ere bai.

Bestalde, albisteak egiteko eta testua erakargarri egiteko dauden formak aipatuko dira: direla, letra lodiak ala etzanak... edo tituluak, azpitituluak, leihoak, argazkiak, argazki oinak, tartekiak... Aurrera begira elkarrizketa bat nola prestatu eta egiten den, edo aipuak nola idatzi landuko da.

Iruidetzen zait praktikoa dela irudiaren gaineko azterketa egitea. Izan ere, hiru gauza txiki kontuan izanda argazkiak asko hobetzen dira edo beti ez du testuak argazkia behar, zerbait eransten badu soilik. Ez da argazkilaritza ikastaroa, baina zenbait kontzeptu aipatuko dira.

Ahozko komunikazio teknikez ere jardungo dugu: esaldi laburrak, errepikakorragoak, keinuak... nola egin, besteak beste. Komunikazioa zabaltasunean hartu dut, eta denetik zerbait ikusiko dugu. Beharbada, jendeak zerbaitetan gehiago sakondu nahiko du, eta hala egingo dugu.

Jendaurrean hitz egiteari beldurra dio jendeak.

Ahozko jardunean egunerokotasuna eta jendaurrekoa bereizi behar dira. Bigarren hori da gehien landu daitekeena, nire ustez. Eguneroko jarduna, nahi edo ez, egunero egiten dugu. Bestea, ordea, jendaurrekoa, izan daiteke etxepeko bilera soil bat ere, eta bilera aurrera ondo eramateko teknika idatzizkoan oinarritzen da. Batzuk esaten dute, hor dagoela akats nagusia, ahoz egiteko idatziz prestatzean, baina arazoa hori baino sakonagoa dela uste dut. Jendeak uste du ez dela gai jendaurrean hitz egiteko, eta bagara. Hiruzpalau gauza hartu behar dira kontuan, eta hala asko hobetzen da. Jendeari lotsa ematen dio jendaurrean hitz egiteak, eta tailerra hasiko da idatzizkotik. Gero, konfiantza sortzen denean, egingo dugu ahozkora jauzia. Ordu batzuk idatzizkoari eskaini behar zaizkio, oinarria hor dagoela uste dudalako. Komunikazioaren atal bat ikasi egin behar da, eta horrek laguntzen du beldurra uxatzen.

Tailerra dinamikoa izango da, hortaz.

Nire asmoa da ikastaroa bi orduko blokeetan banatzea, bi ordu baino gutxiagorekin ez du ia ezertarako astirik ematen eta. Nik uste, pare bat ordu beharrezkoak direla. Tailerraren %70a praktikoa izango da eta %30a teorikoa. Gainera, alderdi praktikoan sartzen da eztabaidarako tartea. Hau da, parte-hartzaileek ikusi duten albiste, kartel edo dokumentu bat ekarri eta hori aztertu eta eztabaidatzea. Baita, proiektu komunikatibo bat sortzea ere. Hau da, tailerra bukatzerako parte-hartzaile bakoitzak proiektu moduko bat egitea: bloga, iritzi artikulua, ipuin liburua... Gai bat hartu eta azaldutakoa praktikan jartzeko aukera izango dute, alegia. Alderdi teorikoa, berriz, oinarrizkoa izango da.

Gisa honetako ikastarorik egin al da sekula Azpeitian?

Horrelako ikastaroak antolatu izan dira. Azpeitian nik ez dut ezagutu, neuk emango nuen-eta izena bestela. Egin dira euskararen inguruko tailerrak, komunikazio ez-sexistaren ingurukoak edo hitanoaren ingurukoak... baina, ez helburu honekin. Hala ere, egin izan dira, herri desberdinetan komunikazioaren inguruko tailerrak.

Gertatzen dena da, profesionala baldin bazara asteazkenero Donostiara joateko prest zaudela, baina afizioz dabiltzan herritarrentzat horrelako eskaintza bat herrian bertan izatea balio erantsia dela.

Halako ikastaroen gabezia dago, beraz.

Baietz uste dut. Gainera, uste dut, kazetariak gutxietsita daudela. Jendeak uste du idazten jakiteagatik albiste bat egiteko gai dela. Idazten eta hitz egiten jakiteagatik komunikatzaile ona dela. Eta entzun izan ditut "irratikoek hori zortea, hitz egiteagatik ordaintzen diote" bezalakoak. Baina, gauzak ez dira horrela.

Egunero erabiltzen dugun zerbait da komunikazioa, eta jakintzat ematen da hitz egiten eta idazten jakitea komunikatzen jakitea dela. Beharbada, informatzen badakigu baina ez komunikatzen. Desberdina da bata eta bestea. Gutxieneko batzuk ezagutzea ezinbestekoa da, eta gaizkiulertu gehienak gutxieneko horien bitartez konpondu daitezkela uste dut.

Jendeari zer esango zenioke ikastaroan izena eman dezan?

Grina baldin badaukate eta zer ikasia dutela uste badute, etortzeko. Ez edukitzeko ez beldurrik eta ez lotsarik. Egingo dugu eta moldatuko dugu ikastaroa jendearen nahien arabera. Egokituko dugu ordutegia, eta hizkuntza ere bai, hala behar bada, baina ikastaroa, printzipioz, euskaraz izango da. Esan bezala, zabala izango da tailerra. Nire helburua da jendeari zerbait erakustea, jendea gustura aritzea. Hori bai, aurretik aipatutako moduan, parte-hartzaileen eskaeren arabera moldatuko dut tailerra. Izena eman nahi dutenek 696 746 506 zenbakira deitu behar dute, eta ideia da azaro hasieran hastea, zortzi laguneko taldea osatuz gero.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide