IV. Kros Mistorako izena eman daiteke jada

Uztarria.eus 2012ko urriaren 11

Ikasberri KE-ko antolatzaileak, udal ordezkariak eta ESAIT-ekoak, krosaren aurkezpenean.

Urriaren 27an egingo da, 6,7 kilometroko ohiko ibilbidean, 18:00etan hasita. Iaz bezala, aurten ere Ikasberri Kirol Elkarteko antolakuntzak ludoteka zerbitzua eskainiko die parte-hartzaileei. "Helburua lasterketa ahalik eta erosoena egitea da, edozeinek parte hartzeko modukoa", esan dute antolatzaileek. Euskal selekzioen aldeko aldarrikapenak ere ez du hutsik egingo.

Kros mistoan parte hartu nahi dutenek bikoteka egin behar dute lasterketa, gizon-emakumez osatutako bikoteetan, hain zuzen. Aurrez izena eman nahi dutenek www.herrikrossa.com webgunean egin dezakete, edo Azpeitiko Aitzaki Kirolak, Aradi Kirolak, Santi Lazkano eta Mugi Kirolak dendetan, Azkoitiko PB Sport-en eta Zarauzko Nere Sport-en. Izena aurrez emanda bikoteko 20 euro da ordaindu beharrekoa; egunean bertan apuntatzen direnek, berriz, 30 euro ordaindu beharko dute.

Ikasberri KE-k laugarrenez antolatu duen Azpeitiko Herriarteko Kros Mistoa urriaren 27an, zapatua, egingo da. 6,7ko ohiko ibilbidea osatu beharko dute lasterkariek, plazan hasi eta bukatuz, 18:00etatik aurrera. Atzo, asteazkena, aurkeztu zuen Ikasberri KE-k aurtengo lasterketa. "Helburua lasterketa ahalik eta erosoena egitea da, edozeinek parte hartzeko modukoa", esan dute antolatzaileek. Horren adibide da parte-hartzaileen eskura jarriko duten ludoteka zerbitzua. Iturritxiki ludotekan emango dute, 16:30etik 19:30era, 4 eta 8 urte arteko umeei zuzenduta. Iaz jarri zuten aurreneko aldiz ludoteka zerbitzua eta "harrera ona" izan zuela nabarmendu dute antolatzaileek, "hamabi bat ume elkartu ziren". Dutxatzeko aukera ere izango dute korrikalariek lasterketa ondoren, Izarraitz frontoian.

Parte-hartzaile kopuruari dagokionez, 200 bikotera inguratzea gustura hartuko lukete antolatzaileek. "Printzipioz ez dugu mugarik jartzen, baina 200eko kopurua ondo legoke", diote. Iaz 175 bikotek eman zuten izena. Aurreneko hiru sailkatuek, aurreneko bikote azpeitiarrak eta korrikalari zaharrena duen bikoteak saria izango dute: 2011n 76 urteko gizonezko bat izan zen adinduena. 

Euskal selekzioen aldeko aldarrikapenak ere ez du hutsik egingo aurtengo Kros Mistoan. ESAIT-ekoak Azpeitian izango dira urriaren 27an. Lasterketa hasi aurretik argazkia aterako dute, eta sailkapeneko aurreneko hiru bikoteei kamisetak emango dizkiete, sariekin batera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide