M taldea, lurra oinetatik urrun

Urola Kostako Hitza 2012ko urriaren 12a

M taldeko Aitor Bereziartua, IƱigo Zubeldia eta Maolo Aizbitarte, kontzertuan (SANAGUSTIN KULTURGUNEA)

Egungo moldeetatik aparte ibili zaleak dira musika taldekoak, eta orain, webgunearen jiran zehaztu dute geroa.

Aitor Bereziartua Atxuiya, Maolo Aizbitarte eta Iñigo Zubeldia. M taldea dira. Lehen biak azpeitiarrak, eta hirugarrena Elosun (Bergara) bizi den donostiarra. Eskarmentu handia dute musikaren munduan, ete berezitasuna ere beren baitako ezaugarria da. Berezitasuna, edo zehatzago esateko, ezberdintasuna, ohiko moldeetatik aparte ibiltzeko joera.

Musika egiteko moduak ematen die berezkotasuna, hasteko. Hala dio Bereziartuak: "Musika ulertzen dugu momentuan ateratzen den zerbait bezala. Gure grabazioak, adibidez, zuzeneko kontzertuak bezalakoak izaten dira". Produktua merkatuan jartzeko erak ere ezberdin egiten ditu, halako bideak erabiltzen dituztenak gero eta gehiago diren arren: "Auto-ekoizpena jorratzen dugu, eta CDen bidez saltzen badugu ere, geure web guneari ematen diogu indarra, jendeak bertatik jaitsi ditzakeelako abestiak. Aurrera begira, bide hori indartzeko erabakia hartu dugu".

Begirada horretan dago laugarren diskoa, aurreko hiru hauen segidakoa: Erdimin, Ez geundenekuak eta Etzaik lurra oinetara allatzen: "Abestiak eginda ditugu, eta uste dut beste lauzpabost hilabete igaroko direla diskoa ateratzerako". Lana biribiltzen dutenean, taldearen beste bereizgarri hau ere agerian geratuko da: "Azkeneko diskoa zenbat jendek hartu duen edo jaitsi duen web gunetik ez dugu begiratzen; gu ez gara super-exitos talde horietako bat". Filosofia horren baitan, beste katebegi hau ere nabarmentzekoa da: "Urtean bizpahiru kontzertu soilik ematen ditugu". Ez dute aldatzeko asmorik, eta orain arte jorratutako ildoari eutsiko diote.

"Kantuak egitea da poza"

Ondo zehaztuta daukate ibilbidea, eta lekua ere bai: "Elosun entseatzen dugu, baserri batean, eta bertan jarri dugu grabazioko estudio txiki bat".

Kantu berriak grabatuko dituzte, sortuak dauden horiek, eta gero ere, egingo dituzte berriak, beren filosofiaren muina horixe baita: "Gure poza da abestiak egitea. Gure nahia da kantuak sortzea". 2008tik dabiltza horretan M taldea izenarekin, eta ez dute geratzeko asmorik.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide