Zezen Beltz elkarteak ekimenez betetako asteburu luzea antolatu du urriaren 12tik 14ra. Gaur, urriaren 12a, aurtengo ekitaldiaren zita berezienetakoa izan dute eguerdi partean. Elkarteak lokal berria estreinatu du (Izarraitz frontoiko sarreraren ondoan dago) eta festa giroan egin dute, trikiti doinu eta bertsoekin. Bi sokamutil ohi, Iñaki Urkia eta Juan Angel Etxeberria 'Zapatei', gonbidatu dituzte lokal berriko zutabean jarri duten argoilan soka lotzeko. Hala ere, egoitzako ezker-pareta osoa hartzen duen mural ikusgarria izan da modu berezian inaugurazio ekitaldira joan diren dozenaka herritarren arreta erakarri duena. Plazako arkupeak irudikatu dituzte eta, haietatik eta haietan ikusgai, Azpeitiko sokamuturraren historiako hainbat argazki. Zezen Beltzek bere webean inaugurazio ekitaldiko 19 argazki jarri ditu: http://ttiki.com/43301. Lokala ireki aurretik, umeentzako sokamuturra izan da Erdikalean, eta gero poniak ere bai, plazan.