Gazteria Sailak lau ikastaro antolatu ditu datozen hilabeteotarako

Uztarria.eus 2012ko urr. 15a, 13:15

Txakurra hezi eta zaintzeko ikastaroa, sormen tailerra, bizikletaren mantenua eta GPSa nola erabili bizikletan izango dira ikastaroak, eta urrian, azaroan eta abenduan izango dira saioak. Izena, berriz, urriaren 24a bitartean eman daiteke.

Udaleko Gazteria Sailak lau ikastaro prestatu ditu hilabeteotarako. Txakurra hezi eta zaintzeko ikastaroa, sormen tailerra, bizikletaren mantenua eta GPSa nola erabili bizikletan izango dira ikastaroak.

Txakurraren zainketa, heziketa eta higienearen inguruko ikastaroa azaroaren 11n eta 18an izango da 10:00etatik 13:00etara bitartean, Gaztelekuan. Txakurraren jokaera ezagutu eta horren arabera nola jokatu edo elikadura eta lehen sorospen kontzeptuak landuko dira, besteak beste. Ikastaroa 15 euro ordaindu behar da, baina gazteek, langabetuek eta Gazte Txartela dutenek 10 euro.

Sormen tailerrean, eskuzko papergintza, enkoadernazio artistikoa, serigrafia, trasferentziak... nola egin landuko da. Azaroaren 8an, 15ean, 22an, 29an eta abenduaren 13an izango dira saioak, 19:00etatik 21:00etara, Gaztelekuan. Ikastaroan parte hartzen dutenek 35 euro ordaindu beharko dute, eta langabetuek, ikasleek edo Gazte Txartela dutenek, berriz, 30 euro.

Hirugarren eta laugarren ikastaroan bizikletarekin dute zerikusia. Izan ere, bizikletaren mantenua eta bizikletako GPSa nola erabili irakatsiko dute. Batetik, bizikletaren erabilera desberdinez eta bizikleta osatzen duten zatiez-eta jardungo dute. Bestalde, gurpilak nola desmontatu, kamera nola aldatu, partxeak nola jarri edo katea konpontzen ikasi ahal izango da urriaren 29an eta 30ean, 18:30etik 20:30era, Gaztelekuan. Ikastaroak 15 euro balio du, baina langabetuek, ikasleek zein Gazte Txartela dutenek 10 euro ordaindu beharko dute.

Bestalde, bizikletan GPSa nola erabili irakatsiko dute laugarren eta azken tailerrean. Bertan mapak kargatu eta deskargatzeko programak nola erabili, edo ibilbideak mapa gainean nola simulatu landuko dute azaroaren 5ean, 7an eta abenduaren 10ean. Antolatzaileen arabera, saio praktikoa ere egingo dute parte hartzen dutenek. 18:30etik 20:30era izango dira saioak, eta azkena, abenduaren 10ekoa, berriz, 10:30etik 12:30era. Ikasle, langabe eta Gazte Txartela dutenek 10 euro ordaindu beharko dute, gainontzekoek, aldiz, 15 euro.

Interesa dutenek urriaren 24a bitartean eman dezakete izena Gazte Informazio Bulegoan (Plaza Txikian, udaltzainen ondoan), 943 15 71 61 telefonora deituta edo gib@azpeitia.net helbidera idatzita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide