Urriaren 20an eta 26an banatuko dituzte 'Ontziratu zaitez' kanpainaren 'tupper'-ak

Uztarria.eus 2012ko urr. 15a, 20:35

Hondakin gutxiago sortzeko asmoarekin bailaran abian jarri duten ekimenean herriko honako saltokiek hartuko dute parte: VL, Fernando Villegas, Kontxi eta Karmiña arraindegiek, Barrenetxe, Zabala, Odriozola, Juan Cruz (Urrestillan), San Sebastian, Matxin, Beloki, Intxausti eta Mohamed Azaoum harategiek eta Eroski Center supermerkatuak. Zapatuan, urriaren 20an, EkoBira azokarekin bat egingo du ontzi erabilgarrien banaketak.

Urriaren 20an (zapatua) eta 26an (ostirala) banatuko dituzte Azpeitian erosketetarako ontzi berrerabilgarri edo tupper-ak, Ontziratu zaitez kanpainaren baitan. Kutxa Ekoguneak, Urola Erdiko Mankomunitateak eta bailarako udalek hondakin gutxiago sortzeko asmoarekin bultzatu duten ekimena da Ontziratu zaitez. Azkoitian aurkeztu zuten irailaren 28an eta udalerri horretan banatu zituzten aurreneko ontzi berrerabilgarriak.

Azpeitiari iritsi zaio orain txanda. Hain zuzen ere, aipatutako bi egunetan guztira 3.300 ontzi banatuko dituzte herritarren artean. Urriaren 20an goizez (10:00etatik 13:00etara) eta 26an arratsaldez (17:00etatik 20:00etara), plaza Nagusian jarriko dute ontziak banatzeko gunea. Arraindegiak eta harategiak dira kanpainan parte hartuko duten saltokiak. Azpeitian, honako hauek: VL, Fernando Villegas, Kontxi eta Karmiña arraindegiak, Barrenetxe, Zabala, Odriozola, Juan Cruz (Urrestillan), San Sebastian, Matxin, Beloki, Intxausti eta Mohamed Azaoum harategiak eta Eroski Center supermerkatua. Saltoki horiek jada ari dira bezeroen artean ontziak jasotzeko txartelak banatzen. Hala ere, ontziak banatuko dituzten egunetan postura joaten direnek bertan jaso ahal izango dute ontzia.

EkoBira azoka

Zapatuan, urriaren 20an, EkoBira azokarekin bat egingo du ontzi erabilgarrien banaketak. Kutxa Ekoguneak bultzaturiko azoka da EkoBira, kontsumo jasangarria bultzatzeko helburuarekin. 2012koa bigarren edizioa du, baina Azpeitian lehen aldiz izango da.

Plaza Nagusian jarriko dute azoka zapatuan, 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 19:30era.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide