Kiroldegian lekua handitzeko lanak hasi dituzte

Uztarria.eus 2012ko urr. 18a, 12:21

Kiroldegian beste solairu bat eraikitzeko hasi dituzten lanak. (Azpeitiko Udala)

Spinning-a egiten den aretoaren gainean beste solairu bat eraikiko dute judo eta karate klubentzako. Lanak urte bukaerarako bukatzea aurreikusten dute udal ordezkariek.

Kiroldegiaren barruan toki erabilgarri gehiago izateko helburuarekin, obretan hasi da Azpeitiko Udala. Lanekin solairu berria aterako dute, egun spinning-a egiten den aretoaren gainean. Bukatutakoan, judoko eta karateko klubek erabiliko dute. Horrela, bi klub horien jarduna igerilekutik kiroldegira pasatuko da. Lanak urte bukaerarako amaitzea aurreikusten dute udaleko arduradunek.

Solairu berriak kiroldegiaren azken solairutik izango du sarrera, eta lanak bukatu bitartean spinning-eko saioak igerilekuan izango dira. Spinning-a igerilekura aldatu beharrak, igerilekuaren eraikinean bertan aldaketak egitea eragin du. Hau da, igerilekuko hirugarren solairuan, orain arte pilotaleku txiki bat eta biltegia zeuden tokian, gimnasioko kardiobaskular erremintak jartzeko tokia prestatu dute. "Modu horretan, gimnasioko erabiltzaileek lasaitasuna eta leku gehiago izango dute Udal Kirol Patronatuak herritarrei eskaintzen dizkien makina desberdinak erabili ahal izateko", azaldu dute udal arduradunek.

Bestetik, masajistaren zerbitzua ere kiroldegitik igerilekura pasatu dute, "igerilekuaren eraikina zerbitzua emateko espazio egokia delako".

Eskalada tokia aztertzen

Herriko eskalatzaile taldeak eskalada egiteko toki apropos bat eskatu dio Azpeitiko Udalari. Udal ordezkariek azaldu dutenez, epe motz batean eskalatzaileek egindako eskaerari erantzuna emateko asmo dute, Loiola 91 bezala ezagutzen den eraikinean eskalatzeko txokoa jartzea aztertzen ari direlako.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide