Lan erreforma salatu dute Gasteizen sei enpresatako langileek, tartean Corrugadosekoek

Urola Kostako Hitza, Uztarria.com 2012ko urr. 18a, 19:11

Gasteizen elkartu dira langileak goizean, argazkiko pankartaren atzean.

Corrugados Azpeitia, Laminaciones Arregui, Formica, Cementos Lemoa, Alestis eta Holtza-ko beharginek egin dute mobilizazio bateratua.

Azken ordukoa (17:56): Astelehenean Donostian egitekoa zen epaiketa bertan behera gelditu da.

"Enpresa bakoitzak arazo jakin bat du, baina denei erantzun bera eman digute, lan erreforman oinarrituta", adierazi dute eguerdian Gasteizen Legebiltzarraren aurrean protesta egin duten enpresetako langileek. Corrugados Azpeitia, Laminaciones Arregui, Formica, Cementos Lemoa, Alestis eta Holtza enpresetako beharginek egin dute mobilizazio bateratua, lan erreforma salatzeko.

"Ezaugarri komun ugari ditugu: geure lantegietako zuzendariek lan araudia baliatu nahi izana kaleratzeak egiteko, lan baldintzak prekarizatzeko, erabakiak inposatzeko, negoziazio kolektiboa baliogabetzeko", jakinarazi dute langileen ordezkariek. Horren aurrean, ez dituztela inposaketak onartuko adierazi dute, eta planto egingo dutela. "Geratzen den bide bakarrari heldu diogu: borrokari".

Astelehenean epaiketarik ez

Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeko langileen ordezkariek gaur (osteguna) arratsaldean jakinarazi dutenez, astelehenean (urriaren 22a) Donostian egitekoa zen epaiketa bertan behera gelditu da eta momentuz ez dago beste datarik.

Joan den otsaileko kaleratzeen gainekoa zen astelehenean egitekoa zen epaiketa. Orduan 100 langile kaleratu zituzten Corrugadosen; haietatik 87 boluntarioak izan zirenez, gainerako hamahiru langileen kaleratzearen kontrako demanda aurkeztu zuten ELA eta LABeko ordezkariek.

Azken 60 kaleratzeen inguruko epaiketa urriaren 16an egin zen Bilbon.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide