EkoBiran azokan bigarren eskuko gauzak saltzeko aukera izango dute herritarrek

Uztarria.eus 2012ko urr. 18a, 20:37

Zapatuan 10:30etik 14:30era eta 16:30etik 19:30era egingo da plazan Kutxa Ekoguneak bultzatutako azoka ibiltaria. Gordailu-salmenta postuan bigarren eskukoak saldu nahi dituztenek aurrez izena eman behar dute, www.ekogunea.net webgunean.

Zapatuan, urriaren 20an, iritsiko da aurreneko aldiz Azpeitira EkoBira azoka. Kontsumo jasangarria sustatzea da Kutxa Ekoguneak bultzaturiko azoka ibiltari horren helburua eta, bertan, ekoizle ekologikoak, eskulangileak, material birziklatuekin lan egiten dutenak eta energia berriztagarrien sektoreko enpresek hartuko dute parte.

Besteak beste, gordailu-salmenta postua ere ezarriko dute, bigarren eskuko produktuak saldu edo erosi nahi duten herritarrei zuzenduta. Postu horretan beren bigarren eskuko gauzak saldu nahi dituzten herritarrek aurrez izena eman behar dute, www.ekogunea.net webgunean.

EkoBira azokaren gaineko informazio osoa ere webgune horretan aurki daiteke.

Ontzi berrerabilgarriak

EkoBira azokarekin bat eginda, Ontziratu zaitez kanpainaren tupper edo erosketetarako ontzi berrerabilgarriak jasotzeko lehen zita izango dute herritarrek zapatu goizean, 10:00etatik 13:00etara. Urriaren 26an ere banatuko dituzte ontziak, 17:00etatik 20:00etara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide