Bihar, zapatua, goiz eta arratsalde egitekoa zen Azpeitian EkoBira, jasangarritasuna sustatzeko azoka ibiltaria. Eguraldiaren iragarpena oso txarra da, ordea. Hori dela eta, azoka atzeratzea erabaki dute: zapatuan izan beharrean ostegunean, urriaren 25ean, iritsiko da EkoBira herrira.
Atzeratuko ez dena, Ontziratu zaitez kanpainaren erosketetarako ontzi berrerabilgarrien banaketa da. Bi egunetan banatuko dituzte tupper-ak eta aurrena zapatu hau izango da, urriaren 20a. Sanagustinpean jarriko dute tupper-ak jasotzeko gunea, 10:00etatik 13:00etara. Baina ontziak ez dituzte Azpeitian bakarrik emango. Hala, urrestildarrek Urrestillan bertan jasotzeko aukera ere izango dute, Juan Kruz harategian. Zapatuan ontzi bila joan ezin dutenek ostiralean, hilaren 26an, izango dute bigarren aukera, 17:00etatik 20:00etara.
Udalaren oharra euriteen aurrean
Bestetik, eta euriteengatik alerta laranja ezarria dagoela kontuan hartuta, herritarrei neurriak hartzeko gomendioa egin die Udalak, bando baten bidez. "Eguraldiaren aurreikuspenak kontuan hartuta, Azpeitiko Udalak dei egin nahi die herritarrei tentuz eta arretaz jokatzeko. Gainera, lurrazpiko garajeetatik autoak atera eta urak hartu ditzakeen guneak ekiditeko gomendioa egiten da", dio Udalak zabaldu duen mezuak.