Sei hilabete luze eta gero, berriz ere Zilarrezko Adecco Ligako neurketa bat bizi izan zuen atzo, igandea, Azpeitiko Kiroldegiak. Zaleak saskibaloi gosez ziren eta harmailak ondo bete ziren Palma Air Europa taldearen aurkako neurketa ikusteko. Iraurgi SBren denboraldi hasiera onak animatu zuen jendea eta egun aldaketa ez zen zaleen berotasunean nabaritu.
Iraurgi ere gogoz zegoen zaleei duten onena erakusteko eta gogotsu irten ziren kantxara. Defentsa nahiko ondo landu zuten eta erasoan erraz ibili ziren. Hiruko marratik, gainera, asko asmatu zuten (bost sartu zituzten 6,75 marratik lehen laurdenean) eta markagailuan aldea zegoen bosgarren minuturako. Maties Cerdák hutsartea eskatu behar izan zuen eta erasoan zertxobait gehiago ematen hasi ziren bere jokalariak. Hala ere, neurketaren erritmoaren jabe etxekoak, Iraurgikoak, ziren eta lehen laurdenaren amaierara 23 eta 12 iritsi ziren, erraz irabazten.
Kanpokoek bere bi jokalari handiak jarri zituzten kantxan, barruko jokoan min egin ahal izateko, baina ez Viljar Veskik eta ez Robert Josephek ezin izan zuten Pantin gelditu (atsedenaldirako 23ko balorazioa zuen, 11 errebote eskuratu eta gero). Hori bai, erasoan hutsuneak ondo zabaldu zituzten eta, hori dela-eta lehenengo hirukoak iritsi ziren Mallorkakoengana. Dena den, erasoan nagusi, oso nagusi, izan zen Iraurgi SB atzokoan. Guillermo Justok bere esku ona erakutsi zuen kanpoko jaurtiketetan behin eta berriz, eta korrika egiteko aukera zegoenean, Guridik bikain amaitu zituen kontraerasoak. Kanpotarrak estutzen saiatu ziren, baina nahia eta ahalmena ez ziren bat etorri. Iraurgi uneoro 8 puntu gainetik ibili zen, gutxienez, eta atsedenaldira heldu aurretik egindako esfortzuari esker, 42 eta 27 gelditu zen markagailua.
Garaipenen oinarria defentsa on batean egon ohi dela esan ohi da eta Iurgi Caminosenek hori jakinda atzean lan gogor egiten jarraitu zuten hirugarren laurdenean ere. Hasierako minutuetan erasoan gehiegi asmatu ez zuten arren, lasai jokatzeko aukera izan zuten, markagailuko aldea zabala baitzen. Kanpokoak ezinean aurkitu ziren. 25. minutuan 21 puntu goitik zen Iraurgi SB: 55 eta 34. Aldaketek ez zuten lan onean eragin eta etxekoek erraz jokatzen jarraitu zuten: bi baten kontrakoak defentsan, hirukoak eta 2+1ekoak erasoan… Etxekoek laurdenaren bukaeran erasoan egindako huts batzuek bakarrik lagundu zioten markagailua txukuntzen eta ahal ere 65 eta 47 amaitu zen hirugarren laurdena.
Iraurgikoak 18gatik irabazten bazabiltzan ere, 30egatik irabazteko aukera ere izan zuten Iraurgikoek. Egia da, erasoan hutsen bat edo beste egin zuela Iraurgik, baina abantailari eustea bakarrik ez, alde hori oraindik eta handiagoan bilakatzea ere lortu zuen zenbait momentutan. Mallorcakoek, ordea, ez zuten halako porrota jaso nahi eta Azpeitira gerturatu ziren 100 zaleei borrokarako gogoa zeukatela erakutsi zieten, markagailua pixka bat txukunduta. Iurgi Caminosek Josu Urbizuri ere minutu bat jokatzeko aukera eman zion eta horrek ere puntu bat sartu ahal izan zuen. Azkenean, 97 eta 86 nagusitu zen Iraurgi SB, eta porrota ezagutu gabe jarraitzen du oraingoz.