Martxan da sansebastianetako haurren danborradako karroza lehiaketa

Uztarria.eus 2012ko aza. 5a, 12:36

Karroza egiteko gaia Joan Antxieta, irudigilea hil zeneko 425. urteurrena da, eta proposamenak hilaren 30erako aurkeztu beharko dira.

Datorren urteko sansebastianetako haurren danborradarako karroza diseinatu eta egiteko  lehiaketa martxan jarri du Udaleko Festa Batzordeak. Karroza egiteko gaia Joan Antxieta, irudigilea hil zeneko 425. urteurrena da. Izan ere, 2013an 425 urte beteko dira Joan Antxieta zendu zela. Festa Batzordeak adierazi duenez,  "Imanol Eliasek aholkatuta, komeni da karrozaren atzean halako zerbait irakurtzea": "Antxieta, bere lanak goretsi ez zituena eta besteenak ez eta beheratu".

Karrozaren aurrekontuak ezin du 7.800 euro baino handiagoa izan, eta lehiaketaren irabazleak 1.500 euroko saria eskuratuko du. Karrozaren egitasmoak aurkezteko epea azaroaren 30ean bukatuko da, eta proposamenak udaletxean aurkeztu behar dira.

Karroza 2013ko San Sebastian Egunean haurren danborradan aterako da. Hona karrozaren proiektu eta errealizazio lehiaketako oinarriak:

  • Nahi duten pertsona nahiz talde guztiek har dezakete parte. Pertsona edo talde bakoitzak proiektu bakarra aurkez dezake.
  • Lanak edozein teknika edo material erabiliz egin daitezke.
  • Proiektuak, nahi eta nahiez, sortu berriak izan beharko dute, hau da, norberak sortutakoak, eta lanaren egileak izango du erantzunkizun osoa baldintza hau ez betetzearen ondorioz gerta daitekeen edozein erreklamazioren aurrean.
  • Karrozaren neurriak ondorengo hauek dira: 2,80m zabalera x 3,85m luzera eta 3,20m altuera.
  • Lanak sinatu gabe aurkeztu beharko dira eta aparteko sobre batean egilearen datuak zehaztuko dira: NAN, zuzenbidea, telefonoa eta kurrikuluma.
  • Aurreproiektuak aurkezteko epea azaroaren 30an amaitzen da. Epaimahaiak erabakia emango duen eguna modu egokian jakinaraziko da.
  • Proiektuak, ondorengo zuzenbidera bidali beharko dira: Azpeitiko Udala (Festa Batzordea) Enparantza Nagusia, 5. 20730 Azpeitia. Telefono zenbakia: 943 157068.
  • Epaimahaia Azpeitiko Udalak izendatuko du eta bost pertsonek osatuko dute. Ordezkaritza Udaletxe eta dekoradore eskolakoek osatuko dute.
  • Aurkeztutako proiektuen artean bakar bat aukeratuko da bere errealizaziorako adjudikatuko delarik.
  • Planoak, bozetoak, aurrekontu zehaztu bat eta gehienez A-4ko bi orrialdetan azaldutako memoria bat aurkeztu beharko dira. Aurrekontuak ezingo du izan 7.800,00 € baino gehiagokoa.
  • Lehiaketaren irabazleak 1.500 euroko €saria jasoko du.
  • Lehiaketa hutsik gera daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako proiektuek ez badute behar adinako kalitate edo baliorik.
  • Oinarri hauek eta bere baldintzak betetzen ez dituzten proiektuak ez dira onartuak izango.
  • Deialdi honetan parte hartzeak, oinarri hauek onartzea esan nahi du.
  • Epaimahaiak erabakiko ditu oinarri hauetan agertzen ez diren arazo guztiak eta honen erabakia apelaezina izango da. Epaimahaiak karrozaren ejekuzio garaian jarraipen lanak egingo ditu. Lan proiektuak epai-mahaiaren oniritzia eduki beharko du ordainketa osoa jasotzeko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide