Hasi dute San Martin egoitzako astea

Uztarria.eus 2012ko aza. 5a, 13:34

San Martin egoitzakoek gaur, astelehena, hasi dute ekimenez betetako astea, eta igandera bitartean hainbat ekimenez gozatzeko parada izango dute egoiliarrek. Asteari hasiera emateko, inaugurazio ekitaldia egin dute egoiliarrek eta Iraurgi ikastetxeko ikasleek. Bestan izan dira, Udal ordezkariak ere. Pare bat abesti abestu dituzte egoiliarrek eta Iraurgi ikastetxeko ikasleek, eta esker oneko hitzak izan dituzte bai egoiliarrek, bai San Martin egoitzako ordezkariek eta baita Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak ere. Arratsaldean ere izango dute zertaz gozatu egoitzan. Izan ere, Amaiak eta gitarra taldeak emanaldia eskainiko dute , 17:00etatik aurrera.

Bihar, asteartea, karta txapelketa egingo dute 11:00etan hasita, eta Bingoan ibiliko dira 17:00etatik aurrera. Asteazkenean, 11:00etan jokoak egingo dituzte, eta 16:15ean txokolatada izango da. Gero, 17:00etan, Nagusilaneko Jose Maria Soroaren bisita izango dute. Ostegunean, berriz, 11:00etatik aurrera Toka eta Rana txapelketak egingo dituzte, eta 17:00etan boluntarioek lagunduta, musika emanaldiaz gozatu ahal izango dute. 17:45ean, Gillermo txiste kontatzailea izango da egoitzan.

Ostiralean, San Martin Eguna, Iraurgi ikastetxeko ikasleen emanaldiarekin hasiko dute eguna. 16:45ean bingoan ibiliko dira egoiliarrak, eta 18:15ean Juan Antxieta Musika Eskolako ikasleen emanaldia izango da.

Asteburuan ere ekimen ugari izango dira egoitzan. Zapatuan, Familien Eguna, izango da. 12:00etan Jose Mari Orbegozoren ikasleen eskutik, saloiko dantza emanaldia izango da. Gero, 14:00etan, familiekin bazkaria izangoda eta arratsaldean, 17:00etan, Kupela taldearekin erromeria izango dute bertaratzen direnek.

Igandean bukatuko da San Martin egoitzako astea, eta 10:30ean meza izango da. 13:00etan San Martin Eguneko bazkaria egingo dute.

Bestalde, aste guztian, egoiliarrek egindako eskulanak-eta ikusgai izango dira egoitzan bertan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide