Corrugados Azpeitiako lan-gatazkak urtebete

Uztarria.eus 2012ko aza. 5a, 19:49

Corrugados Azpeitiako langileak Azpeitiko BBVAren atarian, gaur.

2011ko azaroaren 9an aurkeztu zion zuzendaritzak Enpresa Batzordeari 140 langile kanporatzea barne hartzen zuen Lana Erregulatzeko Txostena (LET). 2012ko urtarrilean ehun izan ziren, azkenean, kaleratutako beharginak; ekainean, ordea, 60 kaleratze gehiago proposatu zituen enpresak eta, harrezkero, greban dira langileak. Gaur, astelehena, elkarretaratzea egin dute BBVA banketxearen herriko bulegoaren aurrean, eta Enpresa Batzordeak eta Azpeitiko zuzendaritzak bilera egin dute.

"Proposamen trukaketa" egin dute aipatutako bileran, Enpresa Batzordeko LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariek azaldu dutenez; "aztertu, eta berriz biltzekotan geratu gara".

Langileen ordezkari sindikalek hiru puntutan oinarritutako proposamena helarazi zioten Alfonso Gallardo Taldeko zuzendaritzari, "blokeo egoerari irtenbidea aurkitu" asmoz, urriaren bukaera aldera. Baja boluntarioak erraztea, enpresan jarraituko duten langileei lanpostuei eutsiko dietenaren bermea ematea, eta LET-a langile guztiei era berean aplikatzea dira aipatutako hiru puntuak. "Hiru puntu horien gainean akordioa lortuz gero, gainerako puntuak lantzeko prest" daudela jakinarazi diote Enpresa Batzordearen LAB eta ELAko ordezkariek zuzendaritzari. Alfonso Gallardo Taldeko zuzendaritzak, bere aldetik, irailean bi aldeek Madrilen egindako bileran azaldu zuen proposamenari eutsiz erantzun du eta, langileek bezala, "akordioa lortzeko borondatea berretsi" du.

Hain zuzen ere, bi proposamenak mahai gainean dituztela elkartu dira gaur langileen ordezkariak eta, kasu honetan, Azpeitiko zuzendaritzako kideak. Asteazkenean beste bilera bat egitekotan gelditu dira. Langileen ordezkariak ez daude oso baikor, Gallardo Taldeko zuzendaritzak "betiko eskaintzari eusten" diolako, baina "hau konpontzeko bide bakarra hitz eginez eta bi aldeen akordioa" direla adierazi dute.

Eguerdian egin duten bileraren aurretik, greban dauden langileek elkarretaratzea egin dute BBVA banketxearen herriko bulegoaren atarian; banketxe hori da enpresaren hartzekodun nagusia. Ohiko pankartez gain, gaurkoan eskoria ere eraman dute Corrugadoseko langileek, eta banketxeko ate aurrean bota dute. Langileoi laguntzak, banketxeei eskoria zioen, hain zuzen, bulegoaren kanpoaldean erakutsi duten pankartetako batek.

Gatazkak urtebete

Corrugados Azpeitia enpresaren lan-gatazkak urtebete du, dagoeneko. 2011ko urri bukaeran asmoak iragarri ondoren, urte hartako azaroaren 9an aurkeztu zion zuzendaritzak Enpresa Batzordeari 140 langile kanporatzea barne hartzen zuen Lana Erregulatzeko Txostena (LET).

2012ko urtarrilean ehun izan ziren, azkenean, kaleratutako beharginak; ekainean, ordea, 60 kaleratze gehiago proposatu zituen enpresak eta, harrezkero, greban dira langileak. Ekainaren 15ean astebeteko greba hasi ondoren, mugagabe bilakatu zen lanuztea. Bost hilabetera dihoa, beraz, greba.

Epaia, atzeratuta

Bestetik, azken 60 kaleratzeen kontra jarritako auziaren epaia atzeratu egingo dela jakinarazi dute gaur bertan langileen ordezkariek, epaileak helegiteak aurkezteko epea luzatzea erabaki duelako. Epaiketa urriaren 16an egin zen Bilbon eta, hasieran, epaia aste honetarako emango zutela espero zen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide