Gaur, azaroak 7, epaitu dute Josu Urbieta Pow (Azpeitia, 1978) Parisen. 16:00ak aldera amaitu da bi orduz luzatu den saioa eta, bertan, fiskalak sei urteko kartzela zigorra eskatu du akusatuarentzat. Urbietari babesa ematera Azpeititik Parisera joan diren 35 bat lagunetako batzuk esan dutenez, preso azpeitiarrak ez du adierazpenik egin epaiketan, Frantziako epaitegiei zilegitasuna ukatzen diela argudiatuta. Epaia abenduaren 2an emango dute.
Josu Urbieta Pow-k dagoeneko bi urte pasa daramatza espetxean. 2010eko ekainaren 10ean atxilotu zuten ustezko etakidea Lemosin eskualdean, Vars sur Roseixen, Frantzia erdialdean, eta La Santeko espetxean dago preso. Berri agentzien arabera, auto bat lapurtzen ari ziren hiru lagun, tartean Urbieta, eta beste biek ihes egin zuten. Horien arabera, atxilotzeko unean ETAkoa zela esan zuen atxilotuak eta, arma bat zuen soinean.
Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria
Presoak
- Juan Karlos Arruti (Paterra). Cordobako (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 780 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Jabi Agirre. Sevilla II (Espainia) preso, 957 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten Frantzian, eta 2008ko abenduan Espainiaratu egin zuten.
- Joseba Segurola. Lannemezan (Frantzia) preso, 269 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Josu Urbieta (Pow). La Santen (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2010eko ekainean atxilotu zuten.
Deportatuak
- Iñaki Etxarte. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.
Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)