Ibargutxi eta Pantín jardunaldiko bost jokalari onenetan

Uztarria.eus 2012ko aza. 8a, 11:18

Iraurgi SBko jokalariak Adecco Ligako laugarren jardunaldiko bost jokalari onenen barruan sartu dituzte Solobasket.com saskibaloiaren inguruko webguneak eta Espainiako Saskibaloi Federazioak. 

Iraurgi SB denboraldia hasi denetik porrotik jaso gabe dago, eta horretan zer ikusi handia du jokalariek partiduz-partidu erakusten duten jarrera onak. Jarrera egokiak, normalean, zenbaki onak ekartzen ditu, eta aste honetan ISBko bi jokalarik zenbaki bikainak lortu dituzte. Izan ere, Joseba Ibargutxi eta Antonio Pantín jardunaldiko bosteko onenean sartu dituzte Espainiako Federazioak eta baita Solobasket.com saskibaloi webguneak ere.

Ibargutxi donostiar joko antolatzaileak erritmoa ezarri zuen Palma Air Europaren kontrako neurketan eta 18 puntu eskuratzeaz gain, 7 asistentzia ere banatu zituen eta 23 puntuko balorazioarekin bukatu zuen partida.

Antonio Pantíni dagokionez, berriz, galiziar pibota denboraldi hasiera onetako jokalari onena dela erakusten dute datuek, eta Palma Air Europaren aurka jardunaldiko MVPa (jokalari baloratuena) izatea lortu zuen, 19 puntu sartu, 14 errebote eskuratu eta partida 35 puntuko balorazioarekin amaitu ostean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide