Domusak diruz lagunduko du Uztarria Komunikazio Taldea

Uztarria.eus 2012ko aza. 9a, 12:48

500 euroko diru-laguntza jasoko du Uztarriak, kooperatiba guztien gisan Domusak ere erantzukizun soziala duelako gizartearekin. Maialen Agirre Domusako lehendakariak azaldu duenez, "herrigintzatik sortu eta euskara beti oinarri izan duen Azpeitiko kultur eragile garrantzitsua dela uste dugu Uztarria".

Domusa enpresak diruz lagunduko du Uztarria eta 500 euroko diru-laguntza jasoko du komunikazio taldeak, kooperatiba guztien gisan Domusak ere erantzukizun soziala duelako gizartearekin. Hori dela-eta, bere ekoizpenetik lortutako etekinen atal bat, gizartean lanean diharduten eragile, talde edo elkarteei bideratzeko betebeharra du, eta Maialen Agirre Domusako lehendakariak adierazi duenez, "diru hori inguruko eragile desberdinen artean banatzen da, beti ere kulturan, euskaran, kirolean, lanean eta kooperatibismoan, formakuntzan zein beste hainbat alorretan irabazi asmorik gabe lanean ari diren elkarteen artean".

Domusa Errezilen dago, eta Agirrek azaldu duenez, "gure laguntzen zati bat herrira zuzentzen saiatzen gara, baina Errezilez gain, bailarara ere zabaltzen ahalegintzen gara, ahal dugun neurrian behintzat, eta hor sartzen da Uztarria". Agirreren aburuz, "herrigintzatik sortu eta euskara beti oinarri izan duen Azpeitiko kultur eragile garrantzitsua dela uste dugu Uztarria".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide