Ziklo berria bidelagun berriekin

Uztarria.eus 2012ko aza. 9a, 17:45

Ikasberri KE-ko futbolariak elastiko berriekin, entrenatzaile eta laguntzaileak ondoan dituztela.

Ikasberri Kirol Elkartearen futbol atalak zortzi talde ditu aurten. Elkarteak estreinatu berri dituzten kamisetak aurkeztu ditu, eta horiekin batera babesleak ere bai. Taldeak gehitzearekin, azpiegitura sendotu dute.

Ikasberri Kirol Elkarteak hamasei urte beteko ditu 2012ko azaro honetan. Kirola eta horren baloreak bultzatuz "gazteei aukerak ematea" helburu zutela sortu zuten elkartea Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Mikel Agirrek azaldu duenez. Futbola, atletismoa, esku-pilota eta pala dira Ikasberri KE-k jorratzen dituen jarduerak

Sorreratik hona, pixkanaka, haziz joan da elkartea. 2012-2013 denboraldian, esaterako, zortzi talde eta 160 fitxa ditu, inoizko kopururik handiena; eta, hurrengorako, aurten azken orduan atera ezinda gelditu diren bederatzigarren taldea ere martxan izango dute. "Ziklo berria" abiatu dute, elkartearen lehendakari Roman Azkuek azaldu bezala, eta ziklo berri hori aurrera eramateko bidelagun gehiago eta berriak izango dituzte.

Elkarteak futbol taldeek estreinatu berri dituzten kamisetak aurkeztu zituen atzo, osteguna, Loiola Hotelean egindako ekitaldi jendetsuan. Eta, horiekin batera, elastikoetan euren izena jarri duten babesleak ere bai. Azkuek esker hitzak izan zituen babesle berrientzat, "gauden garaietan" ateak ireki dizkietelako. Gogora ekarri zituen, era berean, Ikasberri KEren hasiera-hasierako babesleak ere, "Ordulari eta Inaxita ile-apaindegia". Bederatzi babesle ditu Ikasberrik -zortzi aurtengo denboraldian; bederatzigarren taldearen kamisetak hurrengoan estreinatuko dituzte-: Biele, Ernio, Garoa, Leku Erder, Kimu Bat, Aratz, Iru, Sagarmiña eta Izaro. Udalaren laguntza ere eskertu zuten elkartekoek, eta Garmendipeko zelai artifizialean iragarkiak jartzeko aukera aztertzen ari direla gaineratu zuten.

Lau taldetik zortzira pasatu da Ikasberri KE-ren futbol atala eta, horrenbestez, azpiegituran ere berrikuntzak dituzte. Alde batetik, futbol koordinatzailearen figura sortu dute, eta Alex Altolagirrek izango du ardura hori. Bestetik, jokalariei behar duten arreta eskaintzeko fisioteraupeta bat ere lanean ariko da Ikasberrirekin, Nerea Aranbarri. Bestalde, elastiko berriekin batera estreinatu dute elkartearen logotipo berria ere, Iñaki Martinezek sortutakoa. Aurrera begira, berriz, taldeen emaitzak eta albisteak jasoko eta kirol elkartearen jarraipena egingo duen webgunea martxan jartzeko asmoa ere azaldu dute Ikasberri KE-ko kideek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide