Urola Erdiko Zerbitzu Mankomunitateak Gaurkoa nola... biharkoa hala. Zuk ekarri denon ongarri kanpaina aurkeztu du Azpeitian, Sanagustin kulturgunean. Leire Etxaniz Mankomunitateko lehendakari eta Azpeitiko zinegotziak azaldu duen bezala, "Mankomunitateak aurten abian jarri duen hirugarren kanpaina da"; birziklatzea sustatzekoa eta erosketetan ontzi berrerabilgarriak erabiltzeko egin direnak dira beste biak.
Oraingoa, berriz, auto-konposta eta auzo-konposta bultzatzeko asmoarekin hasi dute. Orkatz Goenagak, Ingurugiro Etxea Fundazioaren zuzendariak, honela azaldu ditu auto-konpostaren helburua eta garrantzia: "Hondakin organikoak ahal dela geuk kudeatzea eta herritik ez ateratzea da helburua. Horrekin, udalen gastuari egiten diogu mesede. Ingurumenari ere bai, noski. Eta geure buruari ere bai". Besteak beste, auto-konposta egiten dutenek udal-zergetan hobariak izango dituzte, Azpeitian kasu.
Aurkezpena osatzeko, kanpainarako prestatu duten bideoa ere eman dute; bertan, eskualdeko hainbat lagunek auto-konpostarekin eta auzo-konpostarekin duten esperientzia azaltzen dute, eta jendea animatu, konpostatzera.
Lau modalitate
Auto-konpostaren arloan orain arte emandako pausoak indartu eta biderkatu egin nahi dituzte, baita formula berriak abian jarri ere. Azken horien artean dago auzo-konposta: udalek eremu publikoak jarriko dituzte bizilagunen eskura, eta horietan konpostagailu komunitarioak jarri. Jendeak izena eman eta taldetxoak sortu ahala jarriko lirateke martxan auzo-konposterako guneak. Aizarnazabalen martxan dute eskualdeko aurreneko auzo-konpostatze esperientzia. Hango bizilagun batek, Maitane Belokik, eman ditu argibideak.
Berminkospota deritzona ere aukeran izango dute herritarrek; modalitate hori auto-konposta lursailik ez duten kaleko etxeetan modu indibidualean egin nahi dutenei zuzenduta dago. Kanpainan aurreikusitako beste biak konpostagailua norberaren lursailean jartzea edota lursail pribatuetako konpostagailuak partekatzea dira.
Kasu guztietan, banaka zein taldean egitea erabaki, Mankomunitateak erraztuko die bidea, beharrezko materiala emanez, eta trebakuntza saioak ere bai.
Izen-ematea
Auto zein auzo-konposta egiten hasteko, hori bai, interesa dutenek izena eman behar dute; bigarren kasurako bereziki, taldeak sortu behar direlako.
Azpeitian, izena emateko orriak jarriko dituzte udaletxean eta beste zenbait toki publikotan; gaur bertan, Sanagustin kulturgunearen sarreran jarri dituzte. Udaletxean ere egongo dira, baina egokiena Urola Erdiko Zerbitzu Mankomunitatearekin harremanetan jartzea da, 943857319 telefonora deituta.