Bidean lehen harri koskorra

Iraurgi Saskibaloia 2012ko aza. 12a, 11:46

Oviedo eta Iraurgiren arteko partidako une bat.

Lehen laurdenean oso nagusi izan eta gero, U.F.A. Oviedok erakutsi du bikain dakiela jokatzen markagailua alde daukala.

Denboraldi hasiera onari jarraipena eman nahi zion Azpeitia-Azkoitia ISBk zapatuan, baina ligako kantxa zailenetako batera egin behar zuen bisita: Oviedoko Pumarinera, hain zuzen ere. Unión Financiera Asturiana Oviedo Baloncesto Zilarrezko Adecco ligan gehien indartu den taldeetako bat da eta aurredenboraldian argi utzi zioten hori Iraurgiri. Hala ere, ordutik hona gauzak asko aldatu dira. Iurgi Caminosen mutilak sasoiko dira eta Guillermo Arenasek baja garrantzitsuak eduki zituen zapatuko neurketarako, orain arte euren jokalari azpimarragarriena izan den Willy Galick, besteak beste. Baina egoera aldatu arren, emaitzak ez dira aldatu. Hasieratik nagusi izan ziren etxekoak eta merezimendu osoz lortu zuten garaipena, ligako talde indartsuenetako bat dela berretsita.

Ez ziren gauzak ondo hasi Iraurgi SBrentzat. Nahiz eta Kearse nagusi zen erasoko jokoan taula azpian (lehen 8 puntuak berak eskuratu ditu) defentsan erraztasun gehiegi eman zituzten Iurgi Caminosen mutilek eta Diego Sanchez eta Victor Perez bezalako beteranoek ez zituzten horrelako aukerak baztertzen. Fran Cardenasek, gainera, korrika eginarazi zien bere taldekideei eta erraz ibili ziren etxekoak lehen minutuetan. 16 eta 8koarekin ISBko entrenatzaileak hutsartea eskatu behar izan zuen. Aurreko astean ez bezala, kanpoko jaurtiketek ez zuten sartu nahi eta asturiarrak errebotea ondo zainduta, kontraerasoan irten ahal izan ziren behin eta berriz. Lehen laurdenaren amaieran oso nagusi zen Oviedoko taldea: 27 eta 12.

Bigarren laurdenean Antonio Pantín hasi zen agertzen eta gutxika-gutxika gipuzkoarrak gerturatzen hasi ziren markagailuan. Baina, Kearsek kolpe galanta hartu eta gero, aldageletarako bidea hartu behar izan zuen eta etxekoek ISBkoen kezka momentua aprobetxatu zuten berriz ere 13 puntuko aldea zabaltzeko. Iraurgi ahalegindu zen defentsa desberdinak probatuta eta erasoan barrutik jokatuta aldea murrizten, baina erasoan egindako akats guztiak zigortu zituzten etxekoek eta ezin 10 puntuko aldea jaitsita ibili ziren Iurgi Caminosen mutilak. Txarrenean gauza on bat behintzat lortu zuten, laurden horretan Oviedo 11 puntuan uztea. Atsedenaldira: 38 eta 25.

Erasoan gauzak ez baldin badira ongi irteten, argi dago zein den irabazteko aukerak sortzeko jarraitu beharreko bidea: defentsa. Horretan saiatu zen Iraurgi atsedenalditik bueltan, batez ere, lehen minutuetan eta 9 puntura jartzea ere lortu zuen. Baina orduan Hector Macía bereak eta bi egiten hasi zen taula azpian, Cardenasek berriz ere lortu zuen erritmoaren jabe egitea eta beste kolpe latz bat eman zieten gipuzkoarrei markagailuan berriz aldenduz. Lanean jarraitu besterik ez zegoen eta Guille Justo, ordura arte desagertuta egon arren, puntuak batzen hasi zen. Gutxinaka-gutxinaka aldea jaisten joan zen, baina Cardenasek lortutako azken saskiratze bati esker 58 eta 48 amaitu zen hirugarren laurdena.

Ezina ekinez egina dio esaldiak. Baina egin etxekoek egin zituzten gauzak ondo. Markagailua alde zutela bikain jokatzen dakitela erakutsi zuten neurketa guztian zehar eta azken laurdena ere ez zen gutxiagorako izan. Barneraketa bitartez, behin eta berriz lortu zuten Azpeitia-Azkoitia ISBkoen defentsa puskatzea. Iurgi Caminosek zituen baliabide guztiak erabili zituen aukerak aurkitu nahian, baina bakoitzak gerra bere kabuz irabazi nahi izan zuen eta aldeak txikitu beharrean handitu egin ziren. Erasoan eskas ibili ziren ISBkoak, ideiarik gabe eta lemazain argirik gabe. Azkenean, etxekoek zaleak gozarazi zituzten eta 79 eta 57 irabazten amaitu zuten. Lehen porrota iritsi zen, baina bidean harri koskor bat besterik ez du izan behar zapatukoak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide