Kontzentrazio-asanbladara deitu dute, Amaia Egañaren heriotzaren harira

Uztarria.eus 2012ko aza. 12a, 18:32

Asteartean, hilaren 13an, izango da plazan, 19:00etan. Herritar talde batek jarri du ekimena abian. "Guztion artean eta denon ekarpenekin parte-hartzean eta elkartasunean oinarrituriko dinamika abiaraztea da deialdi honen helburua, eraso sistematiko hauei erantzun antolatuak emateko", diote.

Herritar talde batek kontzentrazio-asanbladarako deia egin du, Amaia Egañaren heriotzaren harira eta. Barakaldon bere buruaz beste egin zuen Egañak joan den azaroaren 9an, hipotekari aurre ez egiteagatik bankuak etxetik bota behar zuenean. Antzeko egoeren aurrean "nahikoa da!" esateko ordua dela iritzita bihar, asteartea, egingo dute kontzentrazio-asanblada herriko plazan, 19:00etan hasita.

Deialdiarekin batera, Amaia Egaña, larritasuna agerian izenburuarekin honako idatzia plazaratu dute:

"Iragan ostiralean, Barakaldon, LaCaixak tamalez ohiko bihurtzen ari den desjabetze bat burutu behar zuen, hiru senideko familia bat etxerik gabe utziz. 'Arrunta' zirudien egoerak, ordea, familiako ama zen Amaia Egañak bere buruaz beste egin ostean, norabide guztiz ezberdina hartu zuen. Barakaldon zein beste herri askotan milaka lagun kalera ateratzea eragin zuen, 'krisia' deitzen dioten testuinguru bihozgabe honen arduradun zuzenei kontuak eskatzeko.

Amaiaren heriotzak oso garbi uzten du egoera gero eta jasangaitzagoa dela. Gure bizilagunengana, familietara, lagunartera... iritsi da 'krisiaren' gordintasuna (langabezia, desjabetzeak, pentsioen jaitsierak, langileen eskubideen murrizketa sistematikoa, hezkuntza eta osasun zerbitzuen prekarizazioa...). Era batean edo bestean gero eta garbiago sentitzen dugu hau guztioi datorkigula gainera, eta gure kontura aberastu direnen zorra ordaintzeak gure eskubideak bermatzeak baino lehentasun handiagoa duela gure agintarientzat. Baina honen aurrean zahar, gazte, emakume, gizonezko, atzerritar, langile, ikasle, edo garena garela, ozenki oihukatzen dugu: nahikoa da! Azpeitiko herritarrok desjabetzeak, lantoki itxierak eta beste hainbat gertakari larri bizi izan ditugu eta gehiago etorriko direnez prest egon behar dugu hauei ere erantzuteko.

Gutxiengo baten erabakiek gehiengo garenon bizitza baldintzatzen dute, beraz, gehiengoaren erantzuna ezinbestekoa da; guk jasan, guk erantzun. Guztion artean eta denon ekarpenekin parte-hartzean eta elkartasunean oinarrituriko dinamika abiaraztea da deialdi honen helburua, eraso sistematiko hauei erantzun antolatuak emateko.

Beraz, Azpeitiko herria, hilak 13 asteartean, plazara deitzen dugu arratsaldeko 19:00etan kontzentrazio-asanblada bat burutzera, lehen pausoa ematera".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide