Epaiketa eguna eta bi aldeen bilera dute gaur Corrugadosen

Urola Kostako Hitza 2012ko aza. 15a, 11:33

Soldaten murrizketen eta lan baldintzen aldaketaren inguruko epaiketa dute Donostian.

Gaur goizean Donostian, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, ezarri nahi dieten soldaten jaitsieraren eta lan baldintzen aldaketaren inguruko epaiketa dute Corrugados Azpeitiakoek. Horrez gain, arratsaldean, lantegiko ELA eta LABeko langileen ordezkariak Azpeitiko enpresako zuzendaritzarekin bilera izango dute, Azpeitiko ELAren egoitzan. 

Gaurko epaiketa 11:30ean hasiko da, eta hara joango dira langileak. Donostiatik bueltan, Enpresa Batzordeko ELA eta LABekoak Azpeitiko enpresako zuzendaritzarekin bilduko dira. Oraingoan, ELA eta LABeko aholkulariak ere egongo dira bileran. Batzarra 16:00etan dute, Azpeitiko ELAren egoitzan. "Guk gure aholkulariak bileran egotea nahi genuen, baina enpresara sartzeko baimenik ez digute ematen. Beraz, aholkulariak bileran egoteagatik enpresatik kanpo egingo dugu batzarra", azaldu dute langileen ordezkariek.

Gallardo Taldeko zuzendaritzak ELA eta LABeko Enpresa Batzordekoei enpresako lan gatazka konpontzeko borondaterik ez izatea egotzi die hedabideetara igorritako ohar batean. "Guk komunikabideetan irtendakoa bakarrik dakigu, guri horrelakorik ez digute esan. Eurek jakingo duten zergatik bidali duten mezu hori", dio Ander Labaka LABeko Enpresa Batzordeko ordezkariak.

Epai zain

Kaleratzeen eta ezarri nahi dizkieten murrizketen kontra gaur bost hilabete beteko dituzte Corrugados Azpeitiako langileek. Egun hauetakoren batean, kaleratu nahi dituzten 60 langileren
inguruko epaia jasotzea espero dute Bilboko auzitegitik, "aste honetan ez bada datorrenean izango da".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide