Bi azpeitiar gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko kanpainan

Berria.info, Uztarria.com 2012ko aza. 15a, 12:57

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan eta gazteen artean euskaraz bizitzeko hautua sustatze aldera sortutako egitasmoa da 'Ika-Mizka. Eta Hik? Nola bizi dunk euskara?'. Hiru bideo grabatu dituzte momentuz, eta horietako bitan azpeitiar bana agertzen da. Jokin Uranga bertsolarien bideoan eta Gorka Karapeto kirolarienean.

Euskararen Nazioarteko Egunaren testuinguruan eta gazteen artean euskaraz bizitzeko hautua sustatze aldera sortutako egitasmoa da Ika-Mizka. Eta Hik? Nola bizi dunk euskara?. "Euskaldunok gure hizkuntzari arnasa emateko ahaleginean (edo ez) ditugun gorabeherak mahai gainean jarri eta jende gehiagorekin partitzea da helburua: pozak, oztopoak, aurrerapausoak, aurpegi txarrak, aldaketak, anekdotak... ‘Euskaraterapia’ moduko zerbait, azken batean", azaldu du Gaztezulo aldezkariak, egitasmoaren sustatzaileak. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean abiatutako egitasmoa da.

Azaroan sareratuko dituzten zenbait bideotan, hainbat esparrutako jende ezagunak hartuko du hitza. Momentuz bertsolarien, kazetarien eta kirolarien bideoak argitaratu dituzte, eta bi azpeitiar agertzen dira bideo banatan: Gorka Karapeto (Kirolarienean) eta Jokin Uranga (Bertsolarienean).

Abenduaren 3an EHUren Gipuzkoako Campuseko Carlos Santamaria Zentroan antolatuko duten saioan, berriz, ezagun horiek eta parte hartzeko izena ematen duten gainontzeko gazteak elkartu nahi dituzte, iritziak, esperientziak eta beste elkarbana ditzaten. Jon Artanok dinamizatuko ditu mahai inguruak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide