Azpeitia-Azkoitia Iraurgi da saskibaloi taldearen marka berria

Uztarria.eus 2012ko aza. 15a, 14:49

Marka berriaren aurkezpeneko une bat.

Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek Gipuzkoa barrutik ezagutuz leloarekin lagunduko diote Iraurgiri. Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak azaldu duenez, "batez ere, kanpoan jokatzen dutenean, bertako zaleei, Azpeitia eta Azkoitia Gipuzkoaren bihotza helarazteko"

Azpeitia-Azkoitia Iraurgi da saskibaloi elkartearen (Zilarrezko Adecco liga) marka berria. Gaur, osteguna, aurkeztu dute marka berria Loiola Hotelean, eta bertan izan dira Azpeitia-Azkoitia Iraurgi taldeko jokalari eta entrenatzaileak, Iraurgi Saskibaloi Taldeko zuzendaritzako kideak, Gipuzkoa Basket Klubeko kideak eta Azpeitiko eta Azkoitiko alkateak, besteak beste, eta Xabier Euzkitzek gidatu du aurkezpen ekitaldia.

Iraurgi Saskibaloi Taldeak 30 urteko ibilbidea du dagoeneko, eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak adierazi duenez, "gure sostengua adierazi nahi diogu Iraurgiri Azpeitia eta Azkoitia gure baloreekin hainbat lekutan ordezkatzeko ahalegina egiten duelako". Etxeberriaren aburuz, "kirolak bertute ugari ditu. Hala nola, osasuna, taldean aritzea, herri izaera indartzea". Gainera, "herritar guztiak dira bere herrian edo kanpoan herriaren enbaxadoreak": "Saskibaloi taldeak Hego Euskal Herrian, Herrialde Katalanetan, Andaluzian edo Galizian barrena ere ibiltzen dira, eta horregatik pentsatu dugu, gure herrien markak sustatzeko ezin hobeak direla Iraurgi Saskibaloiko taldeak". 

Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek Gipuzkoa barrutik ezagutuz leloarekin lagunduko diote Iraurgiri. Etxeberriak azaldu duenez, "batez ere, kanpoan jokatzen dutenean, bertako zaleei, Azpeitia eta Azkoitia Gipuzkoaren bihotza helarazteko". Horren harira, "gure izen ona, gure izaera, gure herrien baloreak helarazteko konpromisoa berresten dugu Iraurgik eta Azpeitiko zein Azkoitiko udalek", esan du Azpeitiko alkateak.

Etxeberriak esandakoen karietara, Gipuzkoa Basket Klubeko presidente Alvaro Bilbaok "proiektu honek bizirik jarraitzea garrantzitsua" dela adierazi du: "Iraurgi gure beso bat da, eta guk ere babestuko dugu ahal dugun neurrian. Gainera, ACB Ligan gipuzkoar talde bat edukitzea ona litzateke".

Jose Luis Zubizarretak ere hartu du hitza, eta Iraurgin duela hamar urte 30 jokalari eta hiru talde besterik ez zirela esan du. Egun, berriz, 400 jokalari baino gehiago ditu saskibaloi taldeak. 

Babesle guztiak ere eskerrak eman dizkiote, eta taldearen sorreratik babeslea den Pedro Azpiazu Beltza, Hotel Loiolako nagusiak hitza hartu du. Berak ere esker hitzak izan ditu Iraurgirentzat, eta "urte askoan elkarrekin lanean segitzeko asmoa" agertu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide