Urrakiko Igoera auto lasterketa 30. aldiz jokatuko da igandean

Urola Kostako Hitza 2012ko aza. 15a, 19:32

Urrakiko Igoeraren aurkezpena atzo, asteazkena, egin zuten. (EDUARDO MATURANA)

Azpeititik Bidegoian arteko errepidean egingo da. Euskal Herriko auto lasterketetan proba garrantzitsuenetako da, Lagun Artea Eskuderiak antolatzen duen hau. 75 gidarik eman dute izena.

Urrakiko Igoera auto lasterketak 30. urtea beteko du aurten. Igandean jokatuko da, Azpeititik Bidegoian arteko errepidean. Euskal Herriko auto lasterketetan proba garrantzitsuenetako da, Lagun Artea Eskuderiak antolatzen duen hau.

75 parte-hartzaile

75 pilotuk eman dute lasterketan parte hartzeko izena."Bizi dugun garai honetan hainbeste parte-hartzailek izena ematea ez da nolanahikoa. Gainera, kantitateaz gainera kalitatea ere nabarmentzekoa da", esan du lasterketaren zuzendaria den Michael Del Cidek. Urrakiko lasterketarako faboritoen artean, plaza bakarreko autoetako Euskal Herriko Mendiko Lasterketetako Txapelketa izango baita jokoan. Horien artean izango dira, besteak beste, Aitor Zabaleta Lola BMW mitikoarekin, Aitor Arakistain Silver Car S2rekin edota Ruben Nogueiras, hau ere Silver Car S2 batekin. Hiru horiek dira faboritoak, baina plaza bakarreko autoekin irtengo dute Iker Barruetabeñak eta Arkaitz Ordokik ere.

Turismoen artean ere borroka polita ikusiko dela azaldu dute lasterketaren antolatzaileek. Nork bidea azkarrago egingo hori ibiliko dira: Aitor Ramirez, Lebeiti, Joxe Labaka, Roland Holke, Iban Tarsicio, Joseph Duperou, Michel Iribarren, Xabier Beloki Minda edota Iraitz Orbegozo Kortaberri.

Urrakiko Igoerako parte-hartzaileen artean hamalau pilotu eskualdekoak dira: Joxe Labaka (Mitsubishi EVO V), Xabier Beloki (BMW M3 E36), Iraitz Orbegozo (BMW M3 E36), Iñaki Alberdi (Ford Escort MK-II), Garikoitz Zubizarreta (Renault Clio Williams), Aitor Lazkano (Ford Sierra Cosworth), Jon Arregi (Citroen Saxo VTS), Jokin Aiertza (BMW 325i), Iban Ibarreta (Opel Astra GSI 16V), Ander Alberdi (Ford Escort RS2000), Felix Astorkia (BMW 325i), Iraitz Olariaga (BMW 318), Aritz Uzkudun (BMW 325i) eta Gurutz Agirretxe (BMW 325i).

Ordutegiak eta lasterketa

Lasterketan parte hartzeko dokumentazioaren egiaztapena eta autoen azterketa larunbatean egingo dituzte Azpeitiko epaitegiaren aurreko aparkalekuan, 16:00etatik aurrera. Bertan, parte hartuko duten autoak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute zaletuek.

Lasterketa, berriz, igandean jokatuko da. 09:00etarako Urrakiko errepidea itxita egongo da autoentzako. Lehen entrenamendu manga 10:00etan izango da eta hortik aurrera pilotuek bi aldiz igo beharko dute Urraki. Lasterketa Internetez zuzenean jarraitzeko aukera egongo da www.fotomotor.es webgunetik.

Lasterketa ikustera joaten direnek antolatzaileei kasu egiteko eskatu diete, eta autoak aparkatu ezin diren tokietan ez aparkatzeko eta ikusleak egotea debekatuta dauden guneak errespetatzeko eskatu dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide