Alberto Díazek eman dio garaipena Clinicas Rinconi

Iraurgi Saskibaloia 2012ko aza. 20a, 11:19

Neurketako une bat. (Azpeitia Azkoitia Iraurgi)

Alberto Díazek neurketako jokaldia egin zuen, garaipena bere taldeari emanaz, barneraketa batean 2+1ekoa lortuta. Azkenean 77 eta 81, porrot mingarria egin zen lanagatik, baina hazteko balioko diona Apeitia Azkoitia Iraurgiri.

Clínicas Rincón ACBn jokatzen duen Unicajaren bigarren taldea da. Jokalari handiz jositako taldea osatu dute Malaga aldean, Alberto Díaz, Dejan Todorovic, Malick Fall… eta Sabonis anaiak noski. Iaz Urrezko Adecco ligan aritu ziren eta aurten, maila bat beherago egonda, goi aldean sailkatzea dute helburu. Beraz, aurkari handia Azpeitiko kiroldegira etorrita eta iraurgizaleek, bere taldeak laguntza behar izango zuela jakinda, ez zuten huts egin eta harmailak bete zituzten. Saskibaloi partida ikusgarria ikusi ahal izan zuten, baina ezin izan zuten garaipenaren zaporearekin joan etxera, azken minutura arte borrokatu arren, Azpeitia Azkoitia ISBk galdu egin zuelako 77 eta 81.

Iurgi Caminosenek argi zeukaten hasiera-hasieratik guztia eman beharra zeukatela. Lehen bi minutuetan jaun eta jabe izan ziren. Guridik goian presioa eginez Diazi gauzak zail jarri zizkion eta baloi batzuk lapurtzea lortu zuten etxekoek. Kearsek min egin zuen taula azpian eta Ibargutxik ere asmatu zuen kanpotik. 8 eta 2 jarri zen markagailua, baina andaluziarrek gutxinaka-gutxinaka euren kalitatea ateratzen hasi ziren, hiru hiruko sartu zituzten jarraian eta neurketari di-da batean buelta eman zioten. Hortik eta laurdenaren azken minutura arte aurretik joan ziren. Justok, kantxaratu bezain laster, zaleak zutituarazi zituen bere jaurtiketekin eta Azpeitia Azkoitia ISB ere esnarazi zuen. Liderra behar zuten etxekoek kantxan eta kanariarrak bere taldekideak gidatu zituen. Hala ere, Condek bozina joka zuela, taulara sartutako hiruko bati esker amaierara 23 eta 24 iritsi ziren.

Azken hiruko horrek min egin zion Iraurgiri eta bigarren laurdena kanpotarren mende hasi zuten. Díazek nahi zuen erritmoan jokatu zen eta Francis Tomerenek 6 puntuko aldea hartu zutela ikusi bezain pronto, Iurgi Caminosek hutsartea eskatu behar izan zuen. Kearse eta Pantín berriz kantxan zirela, gipuzkoarrek gehiago tenkatu zuten beraien defentsa eta neurketan oraindik zer esana zutela erakusten saiatu ziren. Hala ere, ezin izan zuten ez neurketa berdindu, ez eta aurretik jarri, batez ere Todorovic agertzen hasi zelako beste aldean. Zaleek euren laguntza beharrezkoa zela ikusita presioa sartu zuten harmailetatik eta Pantín taula azpian bereak eta bi egiten hasi zen. Barberenari galiziarrak asko lagundu zion eta arrasatekoak bost puntu segidan sartuta, aurretik jarri zuen aspaldiko partez Iraurgi, atsedenaldira heltzeko bi minutu faltan. Hortik eta jokalariek aldageletarako bidea hartu zuten arte, sekulako parekotasuna egon zen kantxa gainean; 44 eta 44.

Hirugarren laurdena bi jaurtiketa librerekin hasi zuten etxekoek Francis Toméri epaileek falta teknikoa adierazi diotelako aldageletara bidean. Baina etxekoek ez zuten aprobetxatu zulo txiki bat zabaldu ahal izateko. Bai batzuen eta baita besteen defentsak puntu bat gora egin zuen bigarren zatian eta erasoan jokaldi onak ikusteko aukera gutxiago egon zen. Lander Lasa kanpotik ahalegindu zen Clínicas Rinconekoen defentsa apurtzen, baina Tolosakoak ez zuen egunik onena eduki. Defentsa lanean, baina ondo aritu zen eta hori dela-eta, Unicajaren bigarren taldeak ezin izan zuen markagailuan alde egin. Eraso trukaketan andaluziarrak mantendu ziren denbora gehienean aurretik markagailuan, baina etxekoek kolpea jasotzen zuten bakoitzean, bueltatzeko kapazak direla erakutsi zuten Kearse eta Pantinen bitartez, batez ere. Hauek baina, atsedena behar zuten eta kanpotarrek euren aulki luzea aprobetxatu zute berdin jokatzen jarraitzeko eta markagailuan alde egiteko. Gipuzkoarrek ez zuten etsi, borrokan jarraitu zuten eta hirugarren laurdenaren amaierara 61 eta 65 heldu ziren.

Lanean jarraitu besterik ez zegoen. Todorovicek min egiten jarraitzen zuen hiruko marratik baina laugarren falta atera zioten eta aulkira joan behar izan zuen. Kearse, gainera, bere hegaldiekin garaipena etxean gelditu beharra zeukala erakusten hasi zen eta taldeak eta zaleek sinetsi egin zuten. Neurketa berdintzea lortu zuen Azpeitia Azkoitia ISB 6 minuturen faltan, eta nahiz eta Pantinek laugarren falta egin zuen, gora etorrita zeuden bere taldekideak. Defentsan lanean sendo jarraitu zuten eta erasoan ideiak agertzen joan ziren kanpotarrenak itzaltzen hasi ziren moduan. Kanpotarren entrenatzaileak Todorovic berriz kantxaratu behar izan zuen eta liderra kantxan zutela igarri egin zuten Malagakoek. Berriz ere aurretik jarri ziren epaileen erabaki arraro xamar batzuen ostean. Baina zaleen presioarekin eta Kearseren puntuak tarteko ezin izan zuten neurketa erabaki. 32 segundo faltan, bat bera zen Azpeitia Azkoitia ISB (77-78). Malagakoek luze jokatu zuten eta Alberto Díazek neurketako jokaldia egin zuen, garaipena bere taldeari emanaz, barneraketa batean 2+1ekoa lortuta. Azkenean 77 eta 81, porrot mingarria egin zen lanagatik, baina hazteko balioko diona taldeari.


Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide