Etxepare Euskal Institutuak euskal literaturaren hedakuntzara eta zabalkundera bideratutako hainbat jarduera egingo ditu azaroaren 24tik abenduaren 2ra Mexikon, eta harekin izango da Mikel Aierbe (Azpeitia, 1980) idazle eta literatura aditua. Harkaitz Cano idazlea ere joango da.
Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan parte hartuko dute, eta Etxepare institutuak nazioarte mailako eragile eta editoreekin 25 hitzordu finkatuak ditu. Azokako idazle gonbidatu gisa joango dira Aierbe eta Cano, eta biek euren azken lanak aurkeztuko dituzte: Aierbek Our Wars, Short Fiction on Basque Conflict eta Canok Twist.
Aierberen lana ipuin bilduma da; Bernardo Atxaga, Inazio Mujika Iraola, Ramon Saizarbitoria, Iban Zaldua, Jokin Muñoz, Eider Rodriguez, Xabier Montoia, Arantxa Iturbe, Karmele Jaio, Harkaitz Cano, Ur Apalategi, Aingeru Epaltza eta Joseba Gabilondoren lanak ingelesez batu ditu.
Gaur egungo euskal gatazka izan zuen abiapuntu Aierbek, baina XX. mendeko beste gatazkak ere kontuan hartzea erabaki zuen —Espainiako Gerra, adibidez—, "memoria eta testigantza literarioaren erakusle" izan nahi duen lana osatzeko.
Guadalajaran, azokatik kanpo, mahai inguruetan edota ikastetxeetako hitzaldi batzuetan ere izango dira bi idazleak. Abenduaren 1ean Mexikoko hiriburuan egongo dira, Gasteiz liburudendan, euren liburuak aurkeztu eta Literatura vasca después de Gernika solasaldia eskaintzeko.