"Azkenean onartu dute izugarrizko gehiegikeria izan zela". Indarkeria politikoaren biktima aitortu ditu Eusko Jaurlaritzak Jon Paredes Txiki eta Anjel Otaegi. Herenegun iluntzean jakinarazi zuen erabakia Sufrimendu Bidegabeen Biktimen Balorazio Batzordeak. Batzorde horrek baloratzen ditu 1960. eta 1978. urteen arteko biktimei erreparazioa emateko Jaurlaritzak onartutako dekretuak baldintzak betetzen dituzten edo ez. Biek ala biek ez zutela epaiketa justu bat izan adierazi dute batzordeko kideek.
Lehen irizpenak jakinarazita, Ines Ibañez de Maeztu Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen zuzendariak esan zuen biktimen senideek datozen bi hilabeteetan jasoko dituztela kalte ordainak. 135.000 euro jasoko ditu, hala, familia bakoitzak. Gipuzkoako Foru Aldundiak, gainera, senitartekoek diru kopuru horrengatiko zergak ez dituztela ordaindu beharko adierazi du. Batzar Nagusiek eman behar diote oniritzia, ordea.
Francisco Francoren erregimenak hildako azken presoak izan ziren zarauztarra eta azpeitiarra. 1975eko irailaren 27an fusitalu zituzten; Txiki Bartzelonan eta Otaegi Burgosen.
Urte gehiegi
Berria "berandu" datorren arren, gustura dago Txiki zenaren sendia. Haren anaia Mikel Paredesek esan du amarentzat, Antonia Manotentzat, "bereziki garrantzitsua" izan dela erabakia. "Halako berririk ezagutu gabe geratuko zela uste zuen gaixoak". Sentsazio bera du Otaegiren lehengusina Mertxe Urtuzagak ere: "Gustura gaude. Dekretua onartu zutenean, bagenekien aurrera zihoala. Ez geunden ziur, ordea, aterako zenik. Baina horren alde jende askok egin du borroka, eta haiei esker lortu dugu, azkenean".
Urte "gehiegi" daramate bi familiek aitorpen horren zain; 37 urte inguru. "Berandu badator ere, iritsi da. Askotan diogu iristea dela garrantzitsuena, inoiz ez dela berandu. Hala ere, denbora gehiegi pasatu dela deritzot; hau lehenago onartu behar zuten", salatu du Urtuzagak. Txikiren amak eta anaia Perdi Paredesek ere gauza bera esan dute: "Hau ez da bi egunetako lana, urte asko daramagu honen alde borrokan. Gehiegi".
Halaber, urte askoan "baztertuta" egon direla gogoratu du Otaegiren senitartekoak, "ahaztuta". Orain "garrantzitsuena" jendeari Txikiri, Otaegiri eta "gainontzeko guztiei" zer gertatu zitzaien jakinaraztea da haren arabera. "Injustizia hura gertatu zela zabaltzea beharrezkoa da, epaiketa eta arrazoi zehatzik gabe hil zituztela jendeari jakinaraztea".
Zortzi eskaera onartuta
Albiste ona den arren, ohartarazi dute oraindik halako aitortzarik jaso ez duten pertsona asko dagoela. Izan ere, zortzi eskaera onartu eta hiru baztertu ditu jatorri poliziala duen indarkeriaren biktimak aitortzeko sortutako lantaldeak. 55 eskaera jaso ditu orotara, horietatik hamaika aztertu eta zortzi onartu -Txiki eta Otaegiz gain, Antonio Fernandez, Francisco Javier Nuñez, Antxone Telleria, Segundo Urteaga, Francisco Javier Batarrita eta Alberto Soliño estatu indarkeriaren biktimatzat jo dituzte-. Hiru eskaera atzera bota ditu. Onartutako zazpi heriotzak dira, eta kalte iraunkorrak pairatzen ditu besteak, Telleriak, hain zuzen. Txiki eta Otaegi izan dira Eusko Legebiltzarreko batzordeak aitortutako lehen biktimak. Batzordeak aho batez hartu du erabakia.
"Pentsatu nahi dut honekin pauso garrantzitsua eman dutela, eta bidea irekiko duela sufrimendu bera jasan duten pertsonak aurrerantzean ere indarkeria politikoaren biktimatzat onartzeko", nabarmendu du Mikel Paredesek. Hori dela eta, "bizitza guztian zehar" horren alde borrokatu duten familiei behingoz "gertatutakoa gertatu zela" aitortzea espero du.
Iritzi berekoa da Urtuzaga. Lehen pausoa ematea "garrantzitsua" dela dio: "Hastea ez da gutxi. Nik pentsatzen dut denborarekin pauso gehiago emango direla eta aurrera jarraituko duela prozesuak".
Aurrera begira, borroka
Denborak denbora, pausoa balioan jarri du Mikel Paredesek: "Jendeak agian pentsa dezake aitortza hau ez dela hainbesterainokoa. Ni, agian, baikorregia naiz, baina uste dut bidea irekiko duela". Onartu du ez dela lorpen "handia", baina ez dela kritikatu behar dio: "Lorpen txikia bada ere, handia izan dadin borroka egin behar da; aurrera egin, kritikatu beharrean. Horrek ateak ireki ditzake, guztiek egin beharko dugu lan". Haren arabera, orain erakusteko garaia da, hitz egitekoa eta jendea konbentzitzekoa.
Izan ere, argi du aurrera begiratu behar dela, "askotan pentsamoldea aldatu eta amore ere eman behar bada ere". "Ezin ditugu beste 37 urte horrela igaro, gure seme-alabengatik eta atzetik datozenengatik egin behar dugu, ezin dugu egoera honetan jarraitu".
Herenegun gauetik Paredesen telefonoa ez da isildu. Ezagunek eta ez hain ezagunak diren pertsonek deitu diote. "Badirudi berri honek jende askori eman diola atentzioa". Horrekin ere gustura agertu da. Hala ere, badu beldur bat ere: "Ea erabaki honek zer dakarren gerora. Ez dakit zein ondorio izango dituen. Denboraren poderioz argituko da zein den hori onartu izanaren eta onartu ez izanaren arteko ezberdintasuna".