Iraurgiko hainbat jokalari Euskadiko Selekzioarekin arituko dira

Uztarria.eus 2012ko aza. 22a, 11:14

Gipuzkoako selekzioarekin ere beste hainbat jokalari arituko da. Asteburu honetan entrenamendu saioak izango dituzte.

Iraurgik 400 jokalaritik gora mugitzen dituen kluba izanik, harrobian lan txukuna egiten duela ez dago dudarik. Horren adibide garbia da Euskadiko Kadete mailarako, bai neskatan eta baita mutiletan ere, Iraurgiko hainbat jokalari deitu dituela Euskadiko Saskibaloi Federazioak. Azkeneko deia asteburu honetara begira egin dute. Izan ere, Espainiako Autonomien arteko txapelketa prestatzen hasteko entrenamendu saioak egingo dituzte igandean, hilak 25.

Mutilei dagokienez, Gipuzkoatik deitu dituzten sei jokalaritatik bi dira Iraurgikoak: Amets Amubieta eta Aitor Astigarraga. Horiek, 10:00etarako Eibarko Unibertsitate Laboralean egon beharko dute, besteak beste 10:30tatik aurrera entrenamendu saioa izango dutelako eta arratsaldean lagunarteko partidua jokatuko dutelako.

Neskei dagokienez, berriz, bederatzi gipuzkoar izan dira deituak, eta horietatik lau dira ISBkoak: Maite Galdos, Eneritz Larrañaga, Mirari Ugarte eta Maialen Iturralde. Horiek, Donostiako Manteo kiroldegian daude deituta, 10:00etan, eta mutilek bezalaxe, goizean entrenamendu saioa egin eta gero, 16:00etatik aurrera lagunarteko neurketa jokatuko dute.

Jokalari andana Gipuzkoako selekzioarekin

Gipuzkoako Selekzioetarako aurre-deialdiak ere burutu ditu Saskibaloi Federazioak. Junior mailan, adibidez, igandean, hilak 25, Eibarko Unibertsitateko Kiroldegirako deitu dituzte hamahiru jokalari eta horietatik lau dira Iraurgikoak: Aitor Zubizarreta, Unai Amenabar, Mikel Arrieta eta Xabier Oroz. Horiek, 15:15tarako prest egon beharko dute deitutako lekuan, 16:00tan, lagunarteko bat jokatuko baitute Euskadiko Kadete Selekzioaren kontra.

Baina, Junior mailako mutilak ez dira bakarrak izango. Alebin edo Mini mailako neska eta mutilak ere deitu baititu Gipuzkoako Saskibaloi Federazioak igandean 17:30tarako. Manteo Kiroldegian, Donostian, elkartuko dira.

Neskei dagokienez, bederatzi joango dira Iraurgiren izenpean: Maite Merketegi, Nerea Soraluze, Alaitz Ezama, Alazne Lizundi, María Otaegi, Maddi Olaizaola, Miren Ezama, Elene Viles eta Laura Bastida. Eta mutilei dagokienez, aldiz, sei izango dira entrenamendu horretan egongo direnak: Xuban Etxeberria, Garikoitz Olazabal, Beñat Garmendia, Asier Garate, Iñaki Bereziartua eta Jokin Badiola.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide