Gaur bukatuko da Urola Erdiko Enplegu Planerako egitasmoak aurkezteko epea

Uztarria.eus 2012ko aza. 26a, 13:02

Bailaran enplegua edo aktibitate ekonomikoa sor dezaketen proiektuak Loiola Berrikuntza Fundazioan aurkeztu behar dira gaur. Proiektuak diruz lagunduko dituzte eta laguntzak ematerako orduan, "ekintzailetasuna eta autoenplegua zein kontratazioak sustatuko dituzten eskualdearen interes estrategikoei lotutako proiektuak baloratuko dira".

Gaur, azaroak 26, da Urola Erdiko Enplegu Planaren baitan, bailaran enplegua edo aktibitate ekonomikoa sor dezaketen proiektuak aurkezteko azken eguna. Loiola Berrikuntza Fundazioan aurkeztu behar dira proiektuak.

Proiektuak diruz lagunduko dituzte eta laguntzak ematerako orduan, "ekintzailetasuna eta autoenplegua zein kontratazioak sustatuko dituzten eskualdearen interes estrategikoei lotutako proiektuak baloratu eta eskualdeko enpresen lehiakortasuna hobetzeko prestakuntza espezializatua finantzatuko dira, besteak beste".

Orain dela hilabete eta erdi inguru Urola Erdiko udalek, batera eta elkarlanean, bailarako egoera ekonomiko larriari aurre egiteko konpromisoa hartu zuten, "ekonomia berpiztu eta enplegua sortzea helburu hartuta". Hala, Urola Erdiko Enplegu Plana abiatu zuten. Diagnostikoa eta estrategiako lerroak zehazteko bailara mailako foro soziekonomikoa ere sortu eta martxan jarri zuten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide