Carlos Cosek irabazi du Udazkeneko eta Mendiko Argazki Rallya

Uztarria.eus 2012ko aza. 27a, 11:38

Saritu guztiak argazkien proiekzioaren ondoren.

Iñaki Etxenagusia azpeitiarra izan da sailkapenean bigarrena, eta Alberto Belokik jaso zuen lehenengo herritarraren saria.

Carlos Cos plentziarrak irabazi du Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatutako Udazkeneko XXIII. eta Mendiko XVII. Argazki Rallya. Cosek 180 euro eta txapela jaso zituen sari gisa.

Bigarren saritua, Azpeitiko Argazki Elkarteko Iñaki Etxenagusia izan zen, eta 150 euro eta oroigarria jaso zituen. Hirugarren, berriz, Miguel Cavero ordiziarra sailkatu zen, eta 120 euro eta oroigarria irabazi zituen. 

Epaimahaiak (Valen Garcia, Luis LLavori eta Peio Romatet) argazki onenaren saria ere banatu zuen, eta Carlos Cos rallyaren irabazleak jaso zuen hori ere. Hala, 60 euroko diru-saria eskuratu zuen plentziarrak. 

Lehenengo herritarra

Lehenengo herritarrarentzat ere bazegoen saria, eta Alberto Beloki azpeitiarrak jaso zuen 90 euroko diru-saria. 

Bestalde, haurren rallyaren irabazlea Jaeche Sanchez izan zen eta 30 euroko diru-txartela irabazi zuen. Bigarrena Jon Zengotita izan zen eta Miren Aranguren hirugarrena. Biek 20 euroko diru-txartela jaso zuten. 

Aurtengo rallya azaroaren 4an izan zen, eta baratza, zaborra, lau hankako animalia, ibaia, orbela eta lursailetako ateak izan ziren antolatzaileek jarritako gaiak.


Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide