Euskal mitologia gaitzat hartuta, "hainbat arte ezkondu" dituzte Fernando Morillo idazle eta Xanti Rodriguez argazkilari azpeitiarrek, Diabulus in Musica (DIM) Iruñako musika taldearekin batera. Horren emaitza Itzalen sua (Gaumin argitaletxea) liburua eta DVDa dira. Gaur aurkeztuko dute 22:30ean, Durangoko Plateruena kafe antzokian. Sarrera aurrez 8 euro izango da, eta bertan 10 euro. Hainbat lagunek aurrera atera duten proiektua da Itzalen sua. Nobela Morillok idatzi du eta argazkiak Rodriguezek atera eta sortu ditu. Musika, berriz, Diabulus in Musicak jarri du, proiekturako disko oso bat prestatuz. Horiez gain, Alicia de Miguel janzkeraz arduratu da eta Monika Agirre, makillajeaz.
Argazkietan, liburuko pertsonaien larruan jartzeko, hainbat pertsona ezagunek hartu du parte: Ander Lipusek, Xabier Euzkitzek,Iban Garatek, Oihana Maritorenak, Joan Mari Irigoienek, Lakrikun Antzerki Taldeko aktoreek, Estitxu Fernandezek, Ilaski Serranok, Nerea Garmendiak eta Su ta Gar taldeko Aitor Gorosabel eta Xabi Bastidak.
"Sekulako abentura"
"Sekulako abentura izan da. Ikaragarrizko esperientzia izan da Xantirekin, musikariekin, estilistekin lan egitea", dio Morillok. "Nik testua idatzi eta Xanti testua hartu eta paperean zirriborro bat marrazten hasten zen. Nik idazterakoan irudiak irudikatzen nituen, baina bera da irudien artista. Izugarria da zer gauza eder sortzen dituen bat-batean. Oso interakzio interesgarria sortu da. Nik ideia bat sortu eta gero bakoitzak bere esparruan gehiago landu du". Liburua Morillok idatzi eta bertan Rodriguezek sortu eta egindako argazkiak gehitu dituzte. Horrez gain, DVDan DIM taldearen musika eta audio-liburuak gehitu dituzte, Xabier Euzkitzek irakurrita euskaraz eta gaztelaniaz.
Euskal mitologia gaitzat hartuta helduentzako lanbat egin nahi izan dute. "Ni bezala, Xanti ere beti izan da mitologia zalea, eta lan hau unibertso zahar bat zaharberritzeko aukera paregabea izan da. Irudiak oso modernoak dira, baina aldi berean betiko iturritik hartuak. Bi zoro elkartu eta bioi beti gustatu zaigun zerbaiti heldu diogu", dio idazleak.
Itzalen sua lanaren emaitzarekin oso gustura dago azpeitiar idazlea, "dagoeneko ikusi duten askok esan digute horrelakorik ez dagoela, ez euskaraz, ezta gaztelaniaz ere". Gaur egun, arte desberdinak uztartuta lanean artista asko dabiltzala aitortu du Morillok; "gurea ere halako apustu bat da, baina pixka bat basatiagoa".
Azpeitian, urtarrilaren 10ean
Azpeitian Itzalen sua liburua eta DVDa aurkezteko eguna ere jarrita dute egileek. Urtarrilaren 10ean izango da ekimena, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean. Aurkezpenaren ondoren, musika jarri dion DIM taldearen kontzertua ere egongo da.
Hala ere, liburua eta DVDa datorren astetik bertatik saltokietan eskuragarri egotea espero dute Gauminekoek. 21,50eurotan salduko dute.