Inazio Uria omendu dute, haren hilketaren laugarren urteurrenean

Uztarria.com, Berria.info 2012ko abenduaren 3a

Inazio Uriaren omenez ehunka lagunek egin dute elkarretaratzea.

Ehunka lagun izan da 13:00etan hasi den omenaldian, Uriaren omenez jarri zuten oroigarriaren aurrean. Azpeitiko Udal ordezkariak zein alderdi politikoetako eta hainbat erakunde publikotako ordezkariak ere izan dira elkarretaratzean.

ETAk 2008ko abenduaren 3an hil zuen Inazio Uria enpresaria, eta hura oroitu dute gaur, astelehena, Azpeitian, hilketaren laugarren urteurrenean. 13:00etan ehunka lagun elkartu dira Loiolan, ordu laurdenez, Uria zena oroitzeko jarritako oroitarriaren aurrean. Alderdi politikoetako eta hainbat erakunde publikotako ordezkariak izan dira omenaldian. Besteak beste, Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Lohitzune Txarola, Eusko Jaurlaritzako jarduneko bozeramaile Idoia Mendia, EAJko Gipuzkoako batzarkide Markel Olano, Euskadi Buru Batzarreko presidente Joseba Egibar, EAJko legebiltzarkide Alex Etxeberria, Eusko Legebiltzarreko presidente berri Bakartxo Tejeria, EH Bilduko legebiltzarkide Pello Urizar, Amaiurreko diputatu Rafa Larreina, PPko Donostiako zinegotzi Ramon Gomez, UPyDko legebiltzarkide Gorka Maneiro,  PSEko legebiltzarkide Rodolfo Ares.

Azpeitiko Udal ordezkariak ere izan dira bertan. Hala nola, EAJko Aitor Gorrotxategi eta Azpeitiko Uri Buru Batzarreko presidente Pello Elorza, Bilduko Manuel Unanue eta Mikel Ibarzabal, Hamaikabateko Aitor Aranguren.

Alderdi politikoei eskari bat egin diete senideek: ezker abertzaleari galdegin diezaiotela ETAren indarkeria gaitzesteko. Senideek adierazi dute, ETAk bere jardun armatua behin betiko utzi badu ere, oraindik ez direla baldintzak eman "zauriak ixteko"

Uria zenaren familiakoen esanetan, ez dute balio "nahigabetasun sentimenduek" eta eragindako oinazearen aitortzak, "hiltzaileak zigortzen ez badituzte". Gaineratu dute "hilketa oro gaitzetsi" egin behar dela, eta galdetu dute: "Zer nahigabe senti daiteke, gertatu izana justifikatzen den zerbaitengatik?".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide