Neurketa gogorra eta polita espero zen gaur Guadalajaran, Zilarrezko Adecco ligako azken hilabeteko bi talderik indartsuenen artean. Batetik CEBA Guadalajara, etxean oraindik galdu gabe, eta azaroan hiru neurketatik hirurak irabazita. Bestetik Azpeitia Azkoitia ISB, azken neurketan 100 puntutik gora sartuta erasoan duen kalitatearen berri eman eta gero. Biak ala biak gora begira jarri edo goialdean segitzeko nahi zuten garaipena lortu eta azkenean, lortu duena Azpeitia Azkoitia ISB izan da. Talde moduan lan eginda, denboraldiko laugarren garaipena eskuratu du.
Neurketaren hasiera ikusgarria izan da. Saskiratze trukaketa bikaina ikusi ahal izan da. Batzuek sartutako saskiratzeei erraz erantzuten zieten besteek, nahiz eta etxekoek zuten abantailatxoa, lehenak kolpea ematen beraiek izaten baitziren normalean. Sergio Llorente joko antolatzaileak min egiten zuen kanpotik. Joko bolada ezin hobean dago Guadalajarakoen burmuina eta saskia erraz ikusten du. Baina Azpeitia Azkoitia ISBkoek bazekiten taula azpian min egin zezaketela eta euren erantzuna Kearse eta Pantinen partetik etorri da. Parekatua joan da oso lehen laurdena, baina 14nako berdinketaren ondoren, iniziatiba gipuzkoarrena izan da, gehiago, Joseba Ibargutxik 5 puntu jarraian lortuta bere taldearentzako alde txiki bat zabaldu duenean. Lehen laurdenaren amaieran 17 eta 22 zen aurretik Iraurgi.
Lehen laurdeneko puntu jarioa desagertu egin da bigarren laurdenaren hasieran. Ia bi minutu egon dira batzuek eta besteak euren jaurtiketetan huts eginez. Hori bai errebotea ondo zaindu dute bi taldeen defentsek. Asmatzen hasita, gehiago asmatu du ISBk eta zeukan aldea pixka bat gehiago zabaltzea lortu du. Balmon-ek eta konpainiak min egin nahi zuten zona barruan eta erreboteak eskuratzeaz gain, faltak jasotzen ere hasi da. Baina beste aldean, Kearsek birrintzeekin eta Justok ere kanpoko jaurtiketekin gipuzkoarrak aurretik jarraitzea ahalbidetzen zuten. Barrutik min egitean kanpotik jaurtitzeko ere leku gehiago topatu dituzte etxekoek eta Markovic gainera asmatzen hasi da. Hala ere, minutu askoan aurretik mantentzen jakin izan dute Iurgi Caminosenek, baina Llorentek atsedenaldira heltzeko bost segundoren faltan sartutako hiruko batekin aurretik jarri dira Angel Cepedarenak aspaldiko partez eta horrela amaitu dute gainera bigarren laurdena: 43 eta 42.
Erantzukizunak hartzeko garai zen eta Lander Lasak galoiak hartu ditu eta bi hiruko jarraian sartuta zeinen arriskutsua den erakutsi du. Tolosakoa ez da fin ibili azken bi asteetan baina taldeak bere beharra zeukala jakinda ez da kikildu. Baina Lasak egin duena alde batean, Balmonek egin du bestean. 28garren minuturako 10 puntu sartuta eta 17 errebote eskuratuta zituen Guadalajarako jokalariak (neurketa 12 puntu eta 20 erreboterekin amaitu du) eta bere lana eta Adrian Casasen puntuak tarteko gipuzkoarrek ez zuten lortzen markagailuan alde egiterik. Modu honetara puntu bakarreko aldearekin iritsi da Azpeitia Azkoitia ISB hirugarren laurdenaren amaierara: 53 eta 54.
Azken laurdena lehenbailehen partidua puskatzeko asmoz irten dira kantxara Iurgi Caminosenak eta abantaila polit bat eskuratzea behintzat lortu dute. Jaurtiketa libretan asmatuta eta Justok hiruko marratik min eginez, 2 eta 9ko partziala lortu dute alde bi minutu eskasean, eta noski, Angel Cepedak hutsartea eskatu behar izan du. Etxekoek normala den moduan ez zuten garaipenak horren erraz eta horren azkar ihes egiterik nahi eta erreakzionatu egin dute. Baina Adrian Casasen hirukoei, Guille Justok eman die erantzuna eta gipuzkoarren aldea ez da 5 puntuetatik jaitsi. Ideiak argi zituen Azpeitia Azkoitia ISBk. Talde moduan jokatu beharra zeukan azken minutuetan, burua erabilita eta Kearsek edo Pantinek barrutik puntuak batzen ez zituztenean Lander Lasak jakin du kanpotik hori egiten. Bere taldea gerturatzeko nahiarekin Sergio Llorente egindako ahalegin guztiak ezerezean gelditu dira eta Iraurgik garaipen garrantzitsua lortzen amaitu du: 74-86.