Kirol arloko berrikuntzak eta kudeaketaren emaitzak aurkeztu ditu Lagun Onak Futbol Taldeak urteko batzarrean

Uztarria.eus 2012ko abenduaren 3a

Lagun Onak Futbol Taldearen zuzendaritzako hainbat kide, Mikel Izurieta presidentearekin (erdian), zapatuko batzarrean.

Orain dela urtebete iragarri bezala, diru-sarreren eta gastuen balantzea orekatzea eta klubaren zorra murriztea izan dira Izurietaren taldearen lanaren helburuak, eta horrela izango dira 2012-2013 denboraldian ere.

Bazkideen batzar nagusia egin zuen Lagun Onak Futbol Taldeak zapatuan, abenduaren 1ean. Mikel Izurietak presidentzian Joxe Mari Larrañagaren lekukoa hartu eta zuzendaritza berria aurkeztu zutenetik urtebete igaro denean, kirol arloko antolakuntzan berrikuntzak izan ditu klubak. Hala, 2012-2013 denboraldian lau kirol koordinatzaile izango ditu Lagun Onakek, aholkulari izatera pasatu den Aitor Zulaikaren tokian: Joxe Ange Peña, futbol seniorrarena; Ricardo Amubieta, oinarriko futbolarena; Juan Godoy, Futbol Eskolarena; eta Olatz Soraluze, emakumezkoen futbolarena. Azken horrek urtarrilean ekingo dio lanari.

Kudeaketari dagokionez, orain dela urtebete iragarri bezala, diru-sarreren eta gastuen balantzea orekatzea eta klubaren zorra murriztea izan dira Izurietaren taldearen lanaren helburuak, eta horrela izango dira 2012-2013 denboraldian ere. 2011-2012an, zuzendaritza berriaren aurreneko urtean, hornitzaileekin zeukaten zorra 48.000 eurotik 18.000ra jaitsi dute, eta 23.630etik 17.3000era berriz, jokalari eta teknikariekin zutena. Aurrekontuan sarrerak eta ordainketak orekatu dituztenaren seinale, 3.400 euroko superavit-a ere izan dute. Zuzendaritzaren aurreikuspenak betetzen badira, 2012-2013 honen amaieran ere izango dute halakorik. 195.150 euroko aurrekontua du Lagun Onakek sasoi honetarako, eta ia 4.000 euroko superavit-a izatea espero dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide