Txapeldun bat naiz

Imanol Lazkano (Argia) 2012ko abe. 6a, 16:59

Izenburu hau irakurrita norbaitek esango du, "Imanoli lehenengo burua kanpotik zuritu zitzaion eta orain barrutik hasi zaio zuritzen". Agian arrazoi du hori esaten duenak. Bati burua barrutik zuritzen edo arintzen hasten zaionean, inguruko denak konturatu arren norbera ez baita konturatzen. Arrisku hori izan arren bertsolaritzaren barruan bizi izan dudan guztia arakatuta ausartzen naiz esatera, pribilejiotan naizela txapeldun.

Hasteko, bertsozale porrokatua jaio banintzen jaio, bertsolari-herri eta sendi bertsozale batean jaio nintzen. Horrela, lau urte nituenerako, aitonak erbiaren bertso bedeinkatu hura erakutsi zidan. Etxean eta auzoan, "hemen dek gure bertsolaria" esanda, bertso hori eskatzen zidatenean, serio demonio kantatuko nien. Garaitsu horretan, Txapel eta Zepai, punta-puntako bi bertsolari eta izar handi, elkarren koinatuak ziren, hau da, Txapelen emaztea Zepairen arreba zen, eta emazte horren beste ahizpa bat eta bere bikotea gure auzoan bizi ziren. Gure gurasoen oso lagunak zirenez, oso etxekoak genituen, haiek gure etxean eta gu haienean etxe-etxeko ibiltzen ginen, eta Txapel eta Zepai sarri hurbiltzen ziren hara. Beraz, oso haurra nintzela, bertatik bertara ezagutzeko aukera izan nuen.

Gero berrogeiko hamarkadaren erdi aldetik hasita, Azpeitia, betitik bertsolari herri berezia izan denez, Donostian euskaraz hitz egiteagatik isunak jartzen zituzten garaia izanagatik, San Tomas egunez goiz eta arratsaldez kantatzen zuten udaletxeko balkoitik garai hartako punta-puntako lau bertsolarik. Ez nituen berehala galduko saio gogoangarri haiek! Haiek balkoitik kantatu ahala, bertso bat baino gehiago jaso eta etxera joandakoan, senide eta gurasoei kantatuko nizkien. Oraindik ere, orduan entzundako bertsoren bat edo beste badabil nire kalabaza zuri honetan. Esango nuke, saio haiek entzun baino gehiago jan egiten nituela. Garai hartan elizak zuen indarra kontuan hartuta, apaizak beren hitzaldietan saiatzen ziren Jaungoikoaren handitasuna azaltzen, baina, Jaungoikorik bada barka diezadala, niretzat ez zen udaletxeko balkoian ikusten nituen haiek baino jaungoiko handiagorik. Nork esango zidan niri, handik urte batzuetara, haiekin lagun egin eta buruz buru plaza batzuk egitera iritsiko nintzenik. Bidaia horretan ordea, hasieran babesle eta gero bidelagun ezin hobeak izan nituen bi bertsolari handi herrian bertan nituen. Hori zorte ikaragarria izan zen niretzat!

Konturatuko zineten bezala Joxe Lizaso eta Joxe Agirrez ari naiz. Honen guztiaren eraginez, soldadu joaterako iritsi nintzen plaza batzuk egitera ere. 1959an soldaduska bukatu ondoren, iraultza giroko 1960ko hamarkada hark sasoi bete-betean harrapatu ninduen. Askotan aipatu dugun bertsolaritza baserri girotik hiritartzeko pauso hura gertu, oso gertutik bizi izana oso garrantzitsua izan zen guretzat, pittinka-pittinka, Euskal Herri osoan gero eta ezagunago izatera iritsi ginelarik. Horri esker, handik berehala, hogei edo hogeita bost bat urtetan, urtean ehun bat saio eginez ibili izan naiz. Euskal Herriko zazpi probintzietako herri eta herrixka gehienak arakatu eta ezagutu ditut, herri bakoitzeko jende euskaltzale eta kultur eragile zintzoak, musutruk lan isilean ari zen jende horren guztiaren babesa eta mimoak jasoaz urte zoragarriak izan dira.

1960ko hamarkadako berrikuntza haren eraginez bertso-eskolak sortzen hasi ziren. Handik berehala, emaitzak ere azaltzen hasi zirenean, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak Eskolarteko Txapelketak antolatzeari ekin zion, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz. Txapelketa hura hasi eta lehenbiziko hogeita bost urtean, epaimahaikide izateko aukera eman zidaten, beraz, Sarasuatarretatik hasi eta gaurko punta-puntako izar hauek denak, esango nuke, bertso munduan jaiotzen eta oinez ikasten ikusteko zoria izan dudala. Bertsolaritza gustatu eta maite duen bati, gazteria horrek guztiak bertsolaritzara zekartzan haize berri horiek guztiak eta bertsolaritzari ekarri dizkioten onura guztiak barru-barrutik eta gertutik ezagutzeko aukera ematea baino opari hoberik ez dago egiterik.

1985eko haustura hartan, egiari zor, Euskaltzaindiari nion eta diodan miresmenagatik barruan min-puntu eta kezka pittin bat izan banuen ere, bertsolarien esku geratu zen txapelketaren antolaketa. Halako jende multzoa hurbildu zitzaigun eta ezin hobeto atera zitzaizkigun gauzak. Orduan sortu zen ilusio eta sos batzuen eraginez gerora Bertsozale Elkartea izango zen Bertsolari Elkartea sortu genuen. Hasiera-hasieratik bertsolaritzari beren hondar alea jartzeko prest zegoen guztiarentzat ateak zabalik zeudela esan zenez, ate bedeinkatu hartatik, hondar ale txikiak ez ezik, harri puska bikainik ere igaro dela esango nuke nik Elkartearen eraikuntza horretan jartzeko. Jende horren emana handia izan da, baina zenbat eztabaida! Batzuetan leun baina beste batzuetan garratzagoak ere bai, beti bertsolaritzaren gurdi zaharrari, batzuk tira eta beste batzuk bultza eginez, denok norabide berean. Hemezortzi urte inguruan, hori guztia norbere haur bat jaio eta hazten ikusteak egiten duen ilusioarekin, Elkartea gero eta indartsuago eta eredugarriago egiten ari dela gertutik eta barrutik bizitzea bene-benetan ahaztezina izan da eta izango da niretzat.

Beraz, haurtzarotik hasita gaurdaino, nire bizio izan den bertsolaritzaren mundu horrek zenbat eman didan azaltzeko hitzik, euskaraz egin diren hiztegi denak arakatuta ere ez nuke aurkituko. Badakit, ni baino bertsolari hobeak eta ospe handiagokoak asko izan direla, badakit ni baino bertsolari kuttunagoak eta plaza gehiago egindakoak ere asko izan direla, baina bertsolaritza bizitzeko eta gozatzeko nik adina aukera eskura izan duenik inor ez dela izan, oso-oso ziur nago.

Honek orain betiko galdera dakar, nik eman al diot dagokion ordainik? Erantzuna ere betikoa, ahalegina egin dut behintzat, baina zerbaitetan ahalegina egiten ari ginela esandakoan gure aitonak esan ohi zigun: "Zenbaterako ahalegina? Horiek hogeita hamasei-edo ba omen dituk gero!". Ni ziur nago, nire hogeita hamasei ahaleginak pilatuta saiatu banintz ere, ez nuela kitatuko zorra.

Bukatzeko, hiru hitz edo esaldi bururatzen zaizkit: BARKATU, mila-mila-mila ESKER eta BESARKADA estu-estu bat Euskal Herri osoari eta batik bat bertsolaritzaren mundu zoragarri horri.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide