Gipuzkoako saskibaloi festa bizitzeko aukera izan zen atzo, igandea, Azpeitiko kiroldegian, Zilarrezko Adecco ligako bi talde gipuzkoarrek neurtu baitzituzten indarrak. Harmailak bete egin ziren eta giro polita sortu zen bi zaletuen artean. Bi taldeak egoera oso desberdinean heldu ziren neurketara. Gora begira etxekoak, partidu baten faltan, laugarren jartzeko aukerarekin eta goitik behera nabarmen egin duen Cafés Aitona Askatuak. Donostiarrek lehen bi neurketak irabazi eta gero, hurrengo bostak segidan galduta iritsi ziren Azpeitira, eta baja bat baino gehiagorekin gainera. Azkena, Aritz Martinez pibotarena. Iraurgiko jokalari ohiak eskuin belauna bihurritu zuen azken partidan, eta hurrengo hiru asteetan baja izango da. Iurgi Caminosenak ziren faborito, baina hori kantxan erakutsi beharra zegoen eta Iraurgi ez zen kapaz izan donostiarren defentsa puskatzeko eta ahoa bete hortz gelditu ziren, merezitako porrota jasota.
Neurketa hasieratik ikusi zen ez zela atzokoa ISBkoen eguna. Cafés Aitonak defentsa oso estua zeukala erakutsi zuen ligan eta atzoko lehen bi laurdenetan ere arazo franko jarri zizkion Azpeitia Azkoitia ISBri. Iurgi Caminosenek ez zuten aukera onak bilatzeko erraztasunik. Kanpotik jaurtitzen hasi ziren horrela defentsa apurtu nahian, baina Justok, Motosek eta konpainiak ezin izan zuten uztaia zulatu. Kearsek eta Pantinek apenas zuten baloirik eta atsedenaldira bien artean bi puntu bakarrik sartuta joan ziren. Barruko jokoan nagusi izango zirela uste zuenak, ikusi du Arzallusek eta Jon Ander Aranburuk ere min egin dezaketela. Leitzakoak gainera bere taldearen erantzukizuna hartu zuen erasoan eta donostiarrak aurretik mantendu zituen une oro. Bigarren laurdenean Guridiren irteerak beste indar bat eman zion etxeko taldeari. Gazte azpeitiarrak egin zuen oro ondo egin zuen. Erasoan saskiratzeak lortu zituen eta etxekoen defentsari puntu bat gehiago eman zion. Askatuak ez zen partidua puskatzeko kapaz eta Guridiren indarra tarteko, etxekoak bizirik mantendu ziren. Atsedenaldirako bozina joka zela Joseba Ibargutxiren barneraketa bati esker, 32 eta 31 aurretik joan ziren etxekoak. Ez zebiltzan fin Iraurgikoak, barruko jokoak guztira bi puntu bakarrik zituen sartuak eta Cafes Aitona gainera errebotean oso nagusi zen. Baina txarrenean, onena puntu bat aurretik amaitzea lortu zutela izan zen.
Bigarren zatian etxekoak indartsuago irten beharra zeukaten eta nagusitasuna behingoz azaldu, baina aurreko bi laurdenetan gertatu bezala kanpotarrak izan ziren saskira begira hobeto ibili zirenak aurreneko minutuetan. Berriz ere, atzetik aurrera begira jokatzera behartuta ikusi ziren Iurgi Caminosek zuzendutako mutilak. Pantin desagertuta, Fohler ere antzera, Kearse eta Barberena saiatu ziren taula azpian pixka bat nagusitzen eta momentu batez lortu zuten. Gauzak txukuntzen hasi ziren etxekoak. Baloia hobeto mugitzen eta defentsan ere zailtasunak jartzen kontrarioari. Horri eta Barberenak sartutako hiruko bati esker 45 eta 42 amaitu zuten hirugarren laurdena.
Bazirudien gora zetorrela taldea, eta garaipena borrokatuta bada ere, puntuak etxean gelditzeko aukera asko zeudela. Baina, usteak erdi ustel. Berriz ere, laurden hasiera kaxkar batek donostiarrak biziberritu zituen. Urtasunek nahi zuena egin zuen kontraerasoak amaituz eta barneraketekin defentsa bigun bat puskatuz. Etxekoen partetik, ideia askorik ez erasoan. Hiruko jaurtiketak bata bestearen atzetik eta hori marra horretatik fin ez zebiltzala jakinda (%14,3ko batez bestekoarekin amaitu zuten, 28 jaurtiketatik 4 bakarrik asmatuta). Barneraketarik ez faltak adierazi ahal izateko edo David Blancaren pibotak zailtasunetan jartzeko… Epaileek, gainera, kontaktu askoko defentsak baimendu zituzten eta donostiarrak bikain moldatu dira horretara. Hiruko marratik jaurtiketak egiten uzten zituzten, baina defentsa ondo ixten zuten eta erreboteetan oso nagusi izan ziren modu horretara. Bitxia da, baina Cafes aitonak bi pibotekin jokatu zuen atzoko neurketa (nahiz eta Javi Perezek ere eman zituen minutu batzuk posizio horretan) eta 42 erreboterekin amaitu zuten, Azpeitia Azkoitia ISBk baino 8 gehiagorekin eta horretaz gainera, 42 horietatik 18 erasoko erreboteak izan dira. Horrek erakusten du, bi pibot izanagatik ere, barruko jokoan oso nagusi izan zela Askatuak. Kanpotik jokatu zuen behin eta berriz ISBk eta hori izan zen bere galera. 0 eta 15eko partziala egin zuen Cafes Aitonak eta merezitako garaipenarekin itzuli zen Donostiara, 56 eta 66 irabazita.