Goreti eta Leire Iriarte Nazabalek diseinatuko dute 2013ko San Sebastian egunean haur danborradarekin batera aterako den karroza. Udalak antolatutako lehiaketara bi proiektu aurkeztu dira aurten eta ahizpa azpeitiarrenak jasoko du 1.500 euroko saria.
Udaleko Festa batzordeak joan den abenduaren 5ean erabaki hartu eta gaur, astelehena, jakinarazi dute "aho batez" emandako epaia. Udalak lehiaketaren oinarrietan eskatutako betebeharrak jasotzeaz gain, Iriarte Nazabaldarrek karrozan aipatu beharreko gaia "modu egoki, profesional eta eguneratuan aurkeztu" dutela nabarmendu dute Festa batzordekideek.
Joan Antxieta irudigilea izango da karrozaren gaia, haren heriotzaren 425. urteurrena gogora ekartzeko.