Aurreko asteburuan, zubi luzea aprobetxatuta, Euskadiko probintzia arteko junior txapelketa jokatu zen Arrasateko Iturripe kiroldegian. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako junior mailako neska-mutil onenak ikusteko aukera egon zen hiru egunetan bertan. Guztietan Txapeldun Gipuzkoako Selekzioa izan zen, bai mutiletan eta baita nesketan ere. Eta selekzio horietan Iraurgiko hainbat jokalarik hartu zuten parte: Maite Lizarazu, Itxaso Astigarraga eta Aitziber Besga nesketan eta Aitor Zubizarreta, Unai Amenabar, Mikel Arrieta eta Xabier Oroz mutilei dagokienez.
Bai neskek eta baita mutilek ere bigarren lehiaketa egunera arte itxaron behar izan zuten Txapelketan jokatzen hasteko. Bizkaiaren aurka neurtu behar izan zituzten indarrak larunbatean. Mutilak izan ziren kantxaratzen lehenak. Neurketa gorabeherez beterikoa izan zen. Gipuzkoarrak hasieran aurretik, partzial handia gero Bizkaitarren partetik markagailuari buelta emateko, berriz ere, Gipuzkoarrak aurretik zonakako defentsan egindako lanari esker... Atsedenaldira heldu aurretik hasi ziren gipuzkoarrak markagailuan alde pixka bat zabaltzen. Bai hirugarren eta baita laugarren laurdenean ere Jesus Ituiñok zuzendutako bizkaitarrak ahalegindu ziren markagailuari buelta ematen, behin eta berriz markagailuan gerturatzen saiatzen ziren, bizi-bizirik zeudela erakutsi nahian, baina ahalegin guztiak ezerezean utzi zituen Unai Amenabarrek hiruko batekin, hiru minuturen faltan, salba-ezina zen zuloa zabaldu zuelako. Azkenean Yon Gonzalezen taldearentzat garaipena: 76 eta 66.
Mutilen ostean nesken txanda etorri zen eta neurketa horretan ere Gipuzkoako selekzioa irten zen garaile. Mutiletan gertatu ez bezala, hemen lehen bost minutuetan izan ezik, gipuzkoarrak nagusi izan ziren une oro. Zonakako defentsa ezin apurtu ibili ziren Cristina Krug-ek zuzentzen duen Bizkaiko selekzioa eta gutxika-gutxika markagailuan alde egin zuten Arkaitz Etxepetelekurenak.10 puntuko abantaila hartu bezain laster, hori mantentzea izan zuten helburu gipuzkoarrek eta lortu zuten hori, Bizkaikoen ahalegin guztiei erantzuna emanda. Azkenean 55 eta 63.
Gipuzkoarrentzat txapelketako bigarren eguna, igandea, Arabaren aurkako nesken partiduarekin hasi zen. Gipuzkoari, Arabak Bizkaiak emandakoak baino lan gehiago eman zizkion, batez ere neurketa hasieran. Izan ere, arabarrek 11 puntuko aldearekin jarri ziren di-da batean. Bigarren laurdenetik aurrera etorri zen gipuzkoarren erreakzioa. Arabarrek, lehen minutuetan egindako lanaz nekatuta, ezin izan zuten gipuzkoarren indarrarekin eta laurdenean 7 puntu bakarrik lortzeaz gain, 30 jaso zituzten. Atsedenaldirako gipuzkoarrek erabakita utzi zuten honenbestez partidua eta baita titulua ere, zuten aldea eustea besterik ez baitzuten egin behar izan naurketa amaiera arte.
Gerora mutilek titulu bikoitza berretsiko zuten, nahiz eta uste baino gehiago kostatu zitzaien. Arabak alde dezenterekin irabazi beharra zeukala zekien titulua irabazi nahi bazuen eta zuen guztia ematera irten zen kantxara. Partidua oso parekatua joan zen bigarren laurdenaren erdira arte. Orduan gipuzkoarrek aldea zabaltzea lortu zuten aldageletara 13 puntuko abantailarekin joanez. Baina hirugarren laurdenaren amaieran, arabarrak hiruko marratik saskiratzeak lortzen hasi ziren eta kontrarioen aldea erabat murriztu zuten azken minutuetan. Yon Gonzalezenek defentsa sendotu behar izan zuten garaipena lortzeko eta osta-osta bada ere lortu zuten, titulua ere bereganatuz.