Ekimenez beteta datoz santotomasak

Uztarria.eus 2012ko abe. 18a, 12:54

Santotomasak antolatzen parte hartu duten taldeetako, ikastetxeetako eta eragiletako ordezkariak zein norbanakoak.

Aurten berrikuntzaren bat edo beste izango da. Horien artean da, Ingo al deu? musika taldeak Frontoi Txikian eskainiko duen kontzertua. Mikel Ibarzabal Udaleko Festa batzordeburuak "herriko taldeek eta herritarrek festa antolatzeko egindako lana" eskertu du.

Hiru egun falta dira santotomasetarako, eta jada aurkeztu du Udalak ostiralerako egitaraua. Mikel Ibarzabal Udaleko Festa batzordeburuak adierazi duenez, "herriko taldeek eta herritarrek festa hau antolatzeko egindako lana eskertu nahi dugu. Udala, elkarteak eta herritarrak elkarlanean, egitarau zabala osatu du-eta santotomasetarako. Udalak bere kabuz, parte hartzerik gabe, ezingo luke guztia antolatu, eta horregatik festetan herritarren parte hartzeak duen garratzia azpimarratu eta eskertu nahi dugu".

Izan ere, ekimen ugari antolatu dute, eta berrikuntzarik ere izango da aurtengoan. Besteak beste,  iluntzean, Ingo al deu? taldearen kontzertua izango da-eta, Frontoi Txikian. Dena den, kontzertuaz gain, hain ohikoak diren pilota txapelketa, Musika Bandaren eta Eltziegoko gaiteroen kalejira, aizkolari eta harri-jasotzaileen jaialdia, baserritarren azoka, Dantza Suelto Txapelketa etabar ere izango dira. Gainera, egun osoan jan-edanerako hainbat postu izango dira plazan.

Hemen Santo Tomas eguneko egitaraua:

10:00etan, Izarraitz Txistulari Taldearen diana.

10:30ean, eskuzko pilota finalak, Frontoi Txikian.

11:00etan, Udal Musika Bandaren eta Eltziegoko gaiteroen kalejira.

12:00etan, XXX. Antzerki Topaketetako Sari Banaketa, udaletxeko aretoan. Panta Rhei taldeak jasoko du saria, Auzokideak obrari esker.

Gaztetxeak antolatuta, kalejira egingo dute trikitilarien laguntzarekin, Etxe Zuri taberna aurretik hasita.

Azpeitiko udazkeneko azoka berezia ere zabalik egongo da, eta baserriko produktuak erosi ahal izango dira Berdura plazan. 

Juan Antxieta Musika Eskolako bandaren kalejira ere 12:00etan hasiko da.

Aizkolari eta harri-jasotzaileen jaialdia ere 12:00etan hasiko da, plazan. Larrañaga eta Olasagasti ariko dira nor baino nor enbor bana nork lehenengo ebaki. Aimar Irigoien eta Goenatxo II.na arituko dira harri-jasotzen. Erakustaldi horien ostean, proba mistoa egingo dute.

Kioskoan, berriz, Iñaki Murua, Amaia Agirre, Millan Telleria eta Beñat Lizaso arituko dira bertsotan. Gai-jartzaile lanak Sebastian Lizasok egingo ditu.

Itsasiko ttuntturroak eta Juan Antxieta Musika Eskolako trikitilariek kalejira egingo dute.

13:00etan, erraldoiek, buruhandiek eta dultzaineroek kalejira egingo dute.

18:00ean, Dantzari Gazteen XII. Dantza Sueltoko Azpeitiko Txapelketa izango da, Sanagustin kulturgunean.  Aipamen berezia egingo zaie Ion Ibarguren eta Idoia Besada dantzariei, Euskal Herriko 36. Dantza Txapelketa irabazi dutelako.

20:30ean, Ingo al deu? musika taldearen kontzertua Frontoi Txikian.

 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide