Gaur egingo du herriko ikastetxeetara bisita Olentzerok

Uztarria.eus 2012ko abe. 20a, 10:02

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraira eta Iraurgi Ikastetxera goiz partean joango da Olentzero. Azpeitiko Ikastola Ikasberrira, berriz, arratsaldean egingo du bisita.

Gabonak gerturatzen ari direla-eta, ohiko bisita egingo du gaur, hilak 20, Olentzerok herriko ikastetxeetara. Goizean Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraira eta Iraurgi Ikastetxera joango da.   Azpeitiko Ikastola Ikasberrira, berriz, arratsaldean. Olentzeroren bisitaz gain, opor eta Santo Tomas giroak ere bat egingo dute ikastetxeetako festetan.

Hauxe da ikastetxe bakoitzean gaurko prestatu dutena:

  • Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai: goizean egingo diote harrera Olentzerori. Lehenengo Euskal Herria kaleko eraikinera joango da, eta handik Perdillegikora. Eraikinaren atarian dantza batekin hartuko dute Olentzero eta, gero, barruan abestiak kantatu eta eskariak egingo dizkiote. Segidan, txorixoa jateko aukera izango dute ikasleek eta musikaz girotuko dute ikastola.
  • Iraurgi Ikastetxea: goizean egingo diote harrera Olentzerori. Haur Hezkuntzakoen egoitzara (lehengo Milagrosa) egingo du bisita. Gero, txorixo otartekoak banatuko dituzte, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleen artean.
  • Azpeitiko Ikastola Ikasberrin arratsaldez egingo diote harrera Olentzerori. 15:00etan iritsiko da ikastolara. Olatz aldera bila joango zaizkion DBHko ikasleek lagunduta. Gelaz gela bisitak egin ondoren, 16:15ean Gabon kantak eskainiko dizkiote ikasleek Olentzerori, aretoan. Gero, txokolatada ere izango dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide